Isabel San Sebastianen bidaia

Joan zen martxoaren 27an Isabel Sansebastianek Zizurkili buruzko iritzi artikulu bat argitaratu zuen El Mundo egunkarian. Hurrengo egunean ondorengo aipamena agertu zen Gara egunkarian.

Espainiar kazetaritza nazionalistako “adituek” Euskal Herrian barrena egiten dituzten txangoek zeresan handia sortzen dute. Atzoko El Mundo egunkariak, Isabel San Sebastianek Zizurkilera egin zuen bisitaldiaren berri ematen zuen, “PPko zerrendatik hango zinegotzi izateko aukeratu zuten lagun batekin batera” egindakoa hain zuzen ere. Modu honetan azaldu zuen bere esperientzia, “oraindik, zera galdetzen diogu geure buruei: zein erok, zein heroiek edo laguntza beharrean itsasoan galduta zegoen zein pertsonak bozkatuko ote zituen gure alderdiko siglak, hura bezalako leku batean? Bere eliza, udaletxe, pilotaleku eta baserriekin, bailara itxi batean kokatuta, soilik euskalduna izan zitekeen herrixka klasiko batean?”. Erantzuna argia da: inork ez zien botorik eman.

Isabeli “xarmaz betetako lekua” iruditu zitzaion, “Udaleko paper ofizialak ETAko presoak espetxe euskaldunetara ekartzeko deia egiten zuen (eta seguruenik egiten jarraituko duen) logotipoa eta herriko bi kalek bi terroristen izenak (Joseba Arregi eta Jose Luis Geresta) izango ez balitu”.Oso esperientzia gogorra, zalantzarik gabe, Isabel eta bere lagunarena: “Paraje ederrean egin genuen ibilaldi laburrean, inork ez zigun hitzik zuzendu, bai aldiz, gorrotoa zerien begirada maltzurrak. Handik ahalik eta lasterren alde egiteko aholkatu ziguten berehala bizkartzainek. Zuzenbide estatuak eskaintzen duen babesik gabe, legearen inperiotik at, etsaiez betetako lurralde batean egotea zen haiena bezala, gure sentipena. Noski, ez genuen polizia bakar bat ere ikusi; ez guardia zibil bat, ez ertzain bat eta ezta bestelako agenterik ere. Segurtasunari zegokionez, Espainian bezalaxe, Kolonbiako oihanaren erdi-erdian egon gintezkeen. Zizurkilen, ETAren gobernua bistakoa, agerikoa eta nabaria zen lehen eta, halaxe izaten jarraitzen du orain ere. Eta ez da, inondik ere, kasu isolatua”, izan ere, “Zizurkilen antzeko zoko asko dago Euskal Herrian eta Nafarroan. Sugeari aterpea eskaintzen dioten zigorgabetasuneko kabi asko. Erakundeetara itzuli diren garai honetan, aurrekontu publikoekin elikatu eta zoritxarreko helburuak betetzen dituzten hiltzailez hornitzen dituzte herriak”. Benetan beldurgarria. Eta sinestezina bereziki. Baina, Zizurkil gogoko ez badu…, ez dadila joan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!