Larunbatean zozketatuko dira Joxe Arregi plazako etxebizitzak

Plazan eraikiko diren babes ofizialeko hogeita lau etxebizitzen zozketa egingo da Atxulondo Kultur Etxean goizeko 09:30etan hasita.

Zizurkilgo Udalak eta Etorlur elkarteak herriko Joxe Arregi plazan egin asmo diren hogeita hamar etxebizitza babestuetariko hogeita lau zozketatuko ditu larunbatean. Etxebizitza hauek 75 urterako azalera-eskubide erregimenekoak dira, eta zozketa goizeko 09:30etan egingo da Zizurkilgo Kultur Etxean.

Aipatu sustapen hau foru proiektu handiago baten barruan sartzen da; izan ere, proiektu horrek lehen fase batean berrogeita bi etxebizitza eraikitzea aurreikusten du, horietarik hogeita hamar babesturikoak izanik. Etxebizitza hauek Joxe Arregi plazan eraikiko dira bi bloketan banatuta. Gainera, herriak bertako bizilagunen gozamenerako atondutako gune berri bat izango du, ondoren egingo den bidegorriarekin batera.

Babesturiko etxebizitzak bat, bi edo hiru gelakoak izango dira, eta guztiek trastetegia eta garajea izango dute. Etxebizitza guztien erdiak Zizurkilen erroldaturiko bizilagunentzat erreserbatuko dira, eta gainerako % 50a Gipuzkoako lurraldean bizi direnentzat.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!