Bertsoa.com bertsozaleen erreferentzia Interneten

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko mar. 25a, 18:37

Urtea beteta, Internet bertsolaritzarentzat euskarri bikaina dela frogatu du Jexux Mari Irazu larrauldarrak sortutako atari elektronikoak.

Iazko urtearen hasieran sortu zen Bertsoa.com, lehen bertso plaza digitala. Zalantzarik gabe esan daiteke, hasierako helburuak bete dituela, urtebetean ehun mila sarreratik gora izan baitu. Bertsoa. com-etik jakinarazi dutenez  “sarrera horietatik asko nazioartetik izan dira. AEBetatik, Hegoamerika osotik, Europako beste herrialdeetatik, Txinatik, Australiatik, Yemenetik…”.

Hiru aspektu landuz
Bertsoa.com-ek batez ere hiru esparrutan egin du lan. “Plazaz plazako bertso ekitaldiak sarean jarri ditugu, erreferentziazko bertso saioak zuzenean eman ditugu eta aktualitate informatiboari jarraipena eman diogu”. Horrela, berrehun bertso ekitaldi inguru jarri zituzten sarean 2007an, inoiz komunikabide batek zabaldutako bertso kopuru handiena.  
Zuzenean ere 30 bertso emanalditik gora egin zituzten,  eta 2008an ere ahalegin horretan jarraitzen dute, besteak beste, Beterriko txapelketako finala zuzenean eskainiz. Elkarriketa eta erreportaiei dagokionez, aipagarriak dira Jon Sarasua, Ander Lipus, Beñat Gaztelumendi edo Koldo Tapia zizurkildarrari egindako elkarrizketak, hamaika erreportaiez gain.

Laster, atari gehiago
Irazuren atari birtualak hasitako bidea emankorra dela ikusi du bertso munduak eta horrela, Bertsozale Elkarteak web orri bat jarri du martxan, www.bertsoplaza.tv izenekoa. Oraindik aurkezpen ofizialik egin ez badute ere, txoko berria dagoeneko abian da eta bertsoak eskura jartzea du helburu, ordenagailua bertsoez gozatzeko plaza izatea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!