Nekazal eskolan eskaintza zabala

Nekazaritza, abeltzaintza nahiz lorezaintzaren inguruan eskaintza zabala dute Fraisoro eskolan. Erdi eta goi mailako zikloez gain, ikastaroak ere antolatzen dituzte.

Lorezaintza eta abeltzaintzako ustiapen ikastaroak eskaintzen dira Fraisoron, Erdi mailako formazio zikloan. Goi mailakoan, berriz, eskaintza berria abian jarriko dute aurten: Natura eta Paisaia Baliabideen Kudeaketa eta Antolamendua, hain zuzen ere. Paisaiarekin ez ezik, loreekin eta lorezaintzarekin lotura estua izango du. Bi ikasturte irauten dute aipatu zikloek eta irailean emango zaie hasiera. Ziklo horiez gain, ordea, ikastaro motzak ere etengabe antolatzen dituzte. Anuska Ezkurra Fraisoroko komunikazio arduradunak eskaintza horien guztien berri azaldu du, “urte hasieratik orain artean lorezaintzaren inguruko ikastaroak eman dira. Datozen hilabeteetan, besteak beste, zuhaitzekin lotura estuagoa dutenak izango dira. Apirilaren 14an, I.B.A metodoa jarraituz, zuhaiztien analisi integratua egiteko ikastaroa jarriko da martxan. Biologia, mikologia eta estatika uztartuko dira zuhaitzen diagnosi egokia egiteko”. Igotze teknikak erabiliz, zuhaitzak nola inausi ere erakutsiko da beste ikastaro batean. Baratzegintzan edo frutagintzan izurrien kontrol biologikoa edo izurri eta gaixotasunei aurre egiteko erabiltzen diren materia aktiboen ikastaroa ere eskainiko da. Informazio gehiago: www.itsasmendikoi.net edo 943 692 166.

Txakurrak hezteko monitorea
Fraisoron guztiz ikastaro berria jarriko dute martxan hilaren bukaeran: txakurrak hezteko monitorearena. “Trebakuntzan nahiz garraioan zakurrei arazo fisikorik nahiz euren izaerarekin lotura dutenik ez sortzea da helburuetako bat eta zakurrak edozein egoeratan hezteko ezagutzak emango dira”. Guztiz ikastaro berria da Euskal Herri mailan. Ezkurraren hitzetan, “Zaunk elkartea aritzen da lan horretan baina, zentro espezializatu batean eskainiko den lehen aldia da. Zaunk Bizkaiako elkarte bat da eta maskotaren zerbitzu integralaz arduratzen dira. Haiekin elkarlanean antolatu da ikastaroa”. Martxoaren 31n emango zaio hasiera, “200 ordukoa izango da. Formakuntza teorikoari 80 ordu eskainiko zaizkio eta 120, praktikoari”. Dagoeneko jende askok  eman du izena. Anuskak azaldu duenez, “izan duen arrakasta ikusita, aurtengo ikasturtea amaitu aurretik, agian beste bat antolatuko dugu. Arraza ezberdinetako txakurren zaintzaileei dago zuzenduta. Ikastaroa amaitzen duten parte hartzaileek ziurtagiria jasoko dute”.

Nekazalturismoari begira, ikastaroa
Nekazalturismo edo landa turismoari zuzenduta, zazpigarren urtez antolatuko dute ikastaroa, “aurreko urteetan oso erantzun ona izan duenez, ikastaroa antolatzen jarraitzen dugu urtero”. Nekazaritzako errentak beste jarduera baten bidez osatu nahi dituzten nekazari eta abeltzainei dago zuzenduta, baita aipatu sektorean lanean hasi nahi duten gazteei eta nola ez, arlo tekniko jakinetan beren ezagutza zabaldu nahi duten landa turismoetako jabe nahiz arduradunei. “Enpresa sortzeko proiektua, araudia, laguntza ofizialak, ostatu ematea, sukaldaritza, ingurumena, turismo arloko marketing-a, komunikazioa eta landetxea kudeatzeko oinarriak landuko dira ikastaroan zehar”. Martxoaren 31tik uztailaren 15era iraungo du eta 200 orduko iraupena izango du. Komunikazio arduradunak zehaztu duenez, berrikuntza nagusi bat du aurtengo eskaintzak, “lehenengo aldiz B-Learning metodologia erabiliko da. Hau da, eskolako zuzeneko ikaskuntza eta internet bidezkoa bateratu egingo ditugu. Modu horretan, ikasleek ikastaroan parte hartzeko aukera zabalagoa izango dute”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!