Amasatik Txinara, bizipen ugari

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko mar. 25a, 18:30

Ingeniaria da Alazne Gurrutxaga amasarra. 25 urte ditu. Gaztea izanagatik, ondo baino hobeto moldatzen da Asiako lurretan: Txinan, hain zuzen ere.

Donostian ingeniaritza ikasi eta gero, Idom enpresan hasi zen lanean, “zibileko departamenduan hasi nintzen hidrologia, klimatologia eta drenajeko proiektuan. Programatzea gogoko dut baina, Bilboraino joan behar nuen eta ez ninduen lanak horrenbeste betetzen”. Gertuago beste aukeraren bat begiratzen hasi zenean, Orkli lantegian ezusteko galanta hartu zuen, “elkarrizketara lasai-lasai joan nintzen eta produktuen ingeniari izateko, departamendu baterako langilea behar zutela esan zidaten. Elkarrizketaren bukaeran, pertsona horrek, Txinan lan egin beharko zuela jakin nuen. Gogoan dut elkarrizketatik nahastu samar atera nintzela baina, oso aukera ona zenez, hurrengo egunerako garbi neukan ezin nuela ezezkorik eman”. Alazne ez da erabaki hura hartu izanaz batere damutu, “oso esperientzia aberasgarria izaten ari da. Ni joan nintzenean zona huts bat zegoen enpresan eta oinarri-oinarritik jarri genuen martxan: taldea osatu, formazioa eman… Pauso guztiak ezagutzea egokitu zait. Hemendik denbora batera, txinatarrak bakarrik utzi eta enpresa beraiek autogestionatzea da gure helburua”. Berogailuetako balbulen sailean egiten du lan Alaznek eta azaldu duenez, “duela bost urte kokatu zen Orkli Txinan. MCCk Shangai ondoan industrigune bat sortu du bere enpresekin. Une honetan lau enpresa daude produzitzen, beste hiru etorriko dira aurten eta 2010 urterako hamalau izatea lortu nahi da”.

Txineraz zertxobait
Lanean ingelesez hitz egiten dute elkarren artean, “bulegoko lankideez gain, oso jende gutxik daki ingelesez Txinan. Beharrak bultzatuta, txineraz ikasten ari gara zertxobait. Egia esan, oso zaila da txineraz ahoskatzea. Taxia hartutakoan esaterako, zuk kale baten izena esan eta gidariak beste bat ulertzen du askotan. Ondorioz, eskubitara, ezkerretara edo zuzen, guk zehazten diogu bidea”. Shangaitik nahiko gertu Kunshanen bizi eta lan egiten du, “hangoentzat herritxo bat da Kunshan. Bi milioi eta erdi biztanle ditu. Guk erdiguneko lau kaleetan egiten dugu bizimodua. Izaeraz nahiko herria da. Shangai, berriz, XXI. mendeko hiria da. Txinan orokorrean, baina Shangain bereziki, bi muturrak ikus daitezke uneoro. Azken teknologiarekin eraikitako dorrerik altuenaren ondo-ondoan, txabolak eta kalean bizi den jendea ikusten da, jateko ezer ez daukana. Ia inork ez dauka autorik. Gure enpresan, adibidez 130 langiletik bakarrak du. Jende askok juxtu-juxtu eros dezake bizikleta bat. Horren parean, tren magnetikoa dago Shangain; orduko 431 kilometro hartzen dituena”. Pobrezia nabaria da Txinan, “goi maila edo behe maila nagusitu dira. Orain ari da erdiko maila sortzen. Gure aldean oso atzeratuta daude. Badaude urik ez daukaten herriak eta garbiketarako errekako ura baliatzen dutenak”. Begia jo dioten pasarteen artean, “Shangai munduko hiririk aurreratuenetakoa izanda, bertako plaza nagusian, adineko jende asko biltzen da eskuetan txineraz idatzitako orriak hartuta. Arrazoia? Seme-alabentzat bikote bila joaten dira eta orrietan haien curriculum-a eta argazkiak eramaten dituzte, trukerako”. Txinatarrek oso harrera ona egin dietela azaldu du Alaznek, “Kunshanen oraindik ez daude atzerritarrak ikustera oso ohituta eta behin baino gehiagotan geratu izan gaituzte kalean argazkiak ateratzeko”.

Oinkarirekin harremana
Hasieran, Txinan urtebetez egon behar zuela jakin zuenean, larritu egin zen. “Baina ondo moldatu naiz. Hemengo jende asko elkartzen gara eta ia astebururo antolatzen ditugu afariak. MCCren industrigunean baserri bat dago, benetako baserria, eta langile euskaldun guztiok han bazkaltzen dugu astean zehar. Istorioa berezia da: bi emakume filipinar dira hango sukaldariak. Euskal sukaldaritzako ikastaroa jaso zuten eta kroketak, porru-patatak edo lentejak…, etxean bezala bazkaltzen dugu”. Shangaiko euskal etxearen bidez, babarrun-jana antolatu zuten baserrian eta 60 pertsona bildu zen. “Hemengo jendeak beti ematen du babesa. Batzuetan herrimina sortzen da baina, ez zait hain gogorra egin. Oinkari dantza taldeak emanaldi berria estreinatu zuenean pasatu nuen okerren”. Txinan bizi arren, Alaznek ez ditu dantza taldearekiko loturak moztu, “e-mailez eta telefonoz harremana mantendu dut Oinkarikoekin eta internetez egin zitezkeen hainbat lan ere egin dut Txinatik”.

Txokoak ezagutuz
Turismoa egiteko aukera ere izan dute Txinako egonaldian, “askotan Shangaira joaten gara asteburuetan. Oporralditxoak kanpora joateko aprobetxatu ditugu eta besteak beste, Hong Kongen edo Pekinen izan gara. Guilin, hegoaldeko inguru menditsua ere ezagutu dugu eta orain, txinatarren urte berrian, atzerritarrentzat erabat prestatutako Hainan irlan ibili gara. Pentsa; hondartza ere badago, txinatarrek estetikagatik eguzkirik hartzen ez badute ere. Lantokitik jangelara joateko aterkiarekin ibiltzen dira udan. Kosmetiko dendetako hautsak txuriak dira…”. Aurerra begira zein asmo duen galdetutakoan, argi du Alaznek erantzuna, “momentuz ez zait han geratzea bururatu eta ez dut uste bururatuko zaidanik. Nirea hau dela sentitzen dut. Orain hilabete bat han eta bestea hemen ibil naitekeenez, askoz hobeto. Pena emango lidake hura uzteak. Laboralki, kulturalki nahiz pertsonalki asko ikasten ari naiz”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!