Areti Gkika, greziar jatorriko euskalduna

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko mar. 25a, 18:27

Mexikon, Txiapasen zegoela izan zuen Areti Gkika greziarrak Euskal Herriaren berri. Hasieratik garbi izan zuen Euskal Herria ondo ezagutzeko, euskara ikasi behar zuela eta halaxe egin zuen.

Maizpiden gogor aritu ondoren, ederki mintzatzen da euskaraz. Leizaran institutuan ikasten ari da eta Karrikako ludotekan lan egiten du.

Zer egiten du greziar batek Euskal Herrian?
Areti Gkika. Txiapasen egon nintzenean izan nuen Euskal Herriaren berri. Euskaldun talde bat bazegoen han eta haien bidez jaso nuen lehendabiziko informazioa. Hori baino lehen, ez nekien ezer Euskal Herriaren inguruan. Txiapaseko egonaldiaz geroztik, oso interesgarria iruditu zait hemengo egoera soziologikoa, politikoa, kulturala... Zaila da zergatik etorri naizen esatea. Nire bizitzako momentu batean etortzea erabaki nuen, bestela, bete gabeko amets baten pare geratuko zelako. Etorritakoan, bertako egoera ondo ezagutzeko euskara jakitea ezinbestekoa zela erabaki nuen. Hizkuntza ikasi nuen Euskal Herria ulertzeko. Hizkuntzak gizartea ulertzeko tresna dira.

Zaila egin al zaizu euskara ikastea?
A.G.  Galdera polemikoa da hori. Jendeak beti espero du euskara ikastea oso zaila dela esango dudala, baina ez zen horrela izan. Hizkuntza batzuk ez dira beste batzuk baino zailagoak edo errazagoak. Euskara ikasten hasi baino lehen, oso erreferentzia gutxi nituen eta egia da hasiera batean dena berria dela. Baina azken finean, hizkuntza bat erraza edo zaila egiten duten elementuak gogoa, beharra, ikasteko dituzun motibazioak..., horiek dira. Komunikatzeko gogoa badago, ez dago hizkuntza zailik edo errazik.
Nire burua behartu egin nuen hasieratik bizimodua euskaraz egitera. Hasieran, taberna batera sartu eta banekien zurito bat eskatu eta zenbat da galdetzen, baina ez nuen erantzuna ulertzen. Hala ere horrela egitera behartu nuen nire burua. Niretzat erronka handia izan zen euskaraz ikastea. Askotan esaten didate oso azkarra naizelako ikasi dudala horren denbora gutxian, baina ez da hori gakoa. Nire herria ez den tokietan bizitzera ohituta nago, arrotzak egiten zaizkidan tokietan mugitzera edota hasieratik bizimodu berria hastera, hori nire alde izan dudala uste dut.
Bestalde, atzerritarra izanda inork ez zuen pentsatzen  euskara ikasiko nuenik eta ez nuen batere presiorik. Akats guztiak eginda ere, inork ez zidan ezer esaten. Nire adinarekin hemengo norbait euskara ikasten hasten bada, jendea zorrotzagoa izan ohi da berarekin. Nik hemen egin nezakeen ekarpen bakarra euskara ikastea zen, jendeak ikus dezan ez dela ezinezkoa. Gizarte honetan dena azkar eta erraz nahi dugu eta euskara ikastea ez da hain azkarra edo hain  erraza, baina merezi duten gauzak horrela izan ohi dira.

Euskararen bidez Euskal Herria ezagutu nahi zenuela aipatu duzu. Espero zenituen ate horiek zabaldu al dizkizu euskarak?
A.G. Bai. Esaterako, bertsoak ezin dituzu ulertu euskaraz ez badakizu eta bertsoa Euskal Herriko kulturaren zati handi bat da. Sarrionandiak eta Laboak ere badute nik euskara ikastearen “erru” pixka bat. Izan ere, hona etorri aurretik banuen bien berri. Sarrionandiaren olerkien itzulpena irakur dezakezu, baina ez da gauza bera. Euskarak ate horiek zabaldu dizkit.

Andoaingo Karrikako ludotekan lan egiten duzu. Andoainen bertan bizi al zara?
A.G. Ez, Andoainen kasualitate hutsez nago. Leizaran institutuan lanbide heziketako ziklo bat egiten ari naiz eta norbaitek eman zidan Karrikako ludotekaren inguruko berri. Lana eta ikasketak bateratu behar nituen eta hementxe ari naiz, baina Itsasondon bizi naiz.

Bizimodua oso ezberdina al da Grezian eta hemen?
A.G. Atenas hiriburukoa naiz eta Atenas metropoli bat da, onerako eta txarrerako. Hemen Itsasondoko baserri batean bizi naiz, mendian. Hortik hasita, dena da ezberdina. Bestela ere, ezberdintasun handiak daude, agian horregatik bizi naiz hemen eta ez Grezian. Grezian baino mugimendu sozial gehiago dago hemen. Naturarekin duzuen harremana Grezian ez daukagu. Niri itsasoa asko gustatzen zait, baina mendia ez nuen ezagutzen, oso kalekumea nintzen. Mendia maitatzen ikasi dut hemen. Nire leihotik Txindoki ikusten dut eta oso polita iruditzen zait.
Atzerritarrok askotan aipatzen dugu poteoaren ohitura, atentzioa deitzen digun zerbait dela. Baina ez poteoa alkohola edateagatik, baizik eta bizitza kalean egiteagatik. Kalean egiten dira harremanak eta gauza garrantzitsuak kalean erabakitzen dira.

Euskal Herriko bizimodutik zer da gehien harritu zaituena?
A.G. Nik banuen hemengo ohituren eta egoeraren berri. Txiapasen ezagututako jendearekin harremana izaten jarraitu nuen eta haien bidez jakin nuen, badudalako gutxiengoekiko erakarpena. Banekien hemengo gizartea gatazkatsua dela; pozak, minak..., daudela. Buruan dituzun ideia batzuk aldatu egiten dira bertatik ikusten dituzunean. Esaterako, etorri aurretik presoak niretzeko datu hutsak ziren, baina hona iritsitakoan datu horiei aurpegia jarri nien eta oso ezberdina da. Hemen gertatzen diren gauza asko mingarriak dira eta mina gertutik sentitzen da; urrutitik datu hutsak dira.
Hemengo naturak ere harridura sortzen dit. Nahikoa basatia da, oso polita. Lehen ez nintzen naturazale, baina hemen ikasten ari naiz. Euskal Herriko jendeak oso harreman estua du lurrarekin, herriarekin, herrialdearekin eta hori ere harrigarria iruditzen zait. Nik agian ez dut inoiz izango horrelako sustrairik.
Gastronomiari ematen diozuen garrantzia ere harrigarria egiten zait. Egia da oso aberatsa eta ona dela, baina beste toki askotan ere oso ondo jaten da. Borroka handiagotan sartu izan naiz hemen gastronomiaz hitz egiten, politikaz hitz egiten baino.

Zein da Euskal Herriko zure txokorik maiteena?
A.G. Itsasondoko nire etxea, bizi naizen ingurua. Kostaldea ere asko gustatzen zait, Lekeitio ingurua esaterako. Edo Bilbo ere oso interesgarria egiten zait: metropolia da eta niri ezagunagoa egiten zait. Andoain ez dut ezagutzen. Oraindik oso jende gutxi ezagutzen dut hemen eta tokiak ondo ezagutzeko, bertako jendearekin joan behar duzu. Badakit, hala ere, Leitzaran oso polita dela.

Greziara doan euskaldun bati zein txoko gomendatuko zenioke?
A.G. Zalantzarik gabe, irlak. Esaterako, Kalinosera hemengo jende asko joaten da eskalatzera. Hala ere, irla ezagunen artean niri gehien gustatzen zaidana Santorini da. Oso toki berezia da, argi ezberdina du eta sumendi bat ere badago bertan. Irla ezezagunagoak ere badaude. Misiros esaterako, oso polita da. Bi herri besterik ez ditu eta sumendia erdian. Turkiaren ondoan dago eta oso jende gutxik ezagutzen du. Duela zortzi urte izan nintzen han eta garai hartan, hogeita lau ordu behar izaten ziren Atenasko portutik Misirosera itsasontziz joateko.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!