Alkizalete II. aizkoran bikain

Duela pare bat urte hasi zen Jokin Alkizalete gaztea aizkoran, Sanpedro jaietan egiten den herri kirol lehiarako.

Herritarrek animatuta, bide horri jarraitzea erabaki zuen, anaiarekin batera, eta hemezortzi urterekin, maila onean ari da.

Xabier eta Jokin Alkizalete anaiak Jesus Irazu asteasuarrarekin hasi ziren aizkoran ikasten: “Sanpedroetako saioa prestatzen lagundu zigun Jesus Irazuk. Asteasuko jaietako saioa amaitu ondoren, jendeak aurrera jarraitzera animatu gintuen eta Angel Arrospiderekin hasi ginen”, dio Jokinek.

Teknika lantzen denbora behar dela dio, “hasieratik bukaeraraino kortea ondo eramatea garrantzitsua da, eta hori ikasi egin behar da”.

Kirol gogorra
Astean bi entrenamendu saio egiten dituzte Alkizalete anaiek: “Normalean, astean bitan  biltzen gara entrenamenduak egiteko. Udara aldera, erakustaldiak ditugunean, astean behin egitearekin nahikoa izaten da eta bereziki prestatu beharreko txapelketaren bat dagoenean berriz, hiru bat entrenamendu egin beharra izaten dugu. Horrez gain, gimnasioa eta mendia ere tartekatzen ditugu”. Lanetik atera ondoren joan behar izaten dute entrenamendura eta batzuetan gogorra egiten zaie, “Zizurkilen aritzen gara eta entrenamendu bezperan, hara joan eta egurrak prestatu behar izaten dira. Hurrengo egunean berriz, lanera joateko goiz jaiki beharra dago. Denbora asko kentzen du eta garestia ere bada, egurrak eta aizkorek diru asko balio dutelako. Udarako erakustaldietan irabazten da diru pixka bat, eta horrekin aurrera egin beharra dago”. Asteartetan hurbiltzen zaie Angel Arrospide aizkolaria prestaketan laguntzera. “Orain arte prestaketa fisikoa gure aldetik egiten genuen, baina hemendik aurrera  Batis Kortajarenarekin hasiko gara. Bere lana oso ondo egiten du eta harekin prestatzen direnek oso emaitza onak izaten dituzte”, azaldu du Jokinek.  

Txapelketak
Urrezko Aizkoran, binaka aritu berri da Jokin, Aratz Mugerzarekin batera: “Nahiko gustura aritu nintzen. Gehiegi prestatu gabe joan nintzen, baina gauzak  ondo atera ziren eta finalaurrekoetara iritsi ginen. Lehendabiziko proba egin ondoren faboritotzat hartu gintuzten eta horrek tentsioa  erantsi zion saioari, baina egindakoarekin gustura nago”. Martxoaren 24an, Asteasuko pilotalekuan jokatu zuen banakako Urrezko Aizkorako kanporaketa Oihan Larretxearen aurka eta ez zuen sailkatzea lortu. Iaz ere Urrezko Aizkoran lehiatu zen Jokin, bai binaka eta baita banaka ere. “Lehendabiziko saioa egindakoan ez nintzen ondo sentitu eta handik denbora gutxira neumonia harrapatu nuen”.

Gure etxean orain arte ez da aizkolaririk izan. Osaba  basoan aritzen zen, eta aitari ere gustatzen zaio aizkolariak ikustea, baina semeak hor ibiltzea ez zaie horrenbeste gustatzen. Telebistaz ikusten gaituzte, baina ez dira bertaratzen, urduritu egiten dira”, amaitu du Jokinek.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!