Olga Villarekin hitz eta pitz

Duela 17 urte iritsi zen Olga Villa bizkaitarra Larraulera. Herriko bizimoduari buruz aritu da aiurrirekin.

Noiz eta nolatan etorri zinen Larraulera bizitzera?
Bizkaitarra naiz eta duela 17 urte etorri nintzen, irakasle lanagatik. Asteasuko eskolan lan egitea egokitu zitzaidan lehen urtean eta aurrena kotxez etortzen banintzen ere, gero hemen geratu nintzen bizitzen.

Orduko eta oraingo Larraul erabat ezberdinak izango dira. Zein aldaketa aipatuko zenuke guztien gainetik?
Orduko Larraulen ez zegoen kaletarrik herrian. Ia etxe guztietan abereak zeudela esango nuke, baita baratzeak eta soroak ere. Orain, plaza inguruan, bat edo beste kenduta, kaletarrak bizi gara. Egun, gehienak hirugarren sektoreko langileak gara. Kotxe gutxi ibiltzen zen lehen Larraulen eta matrikula guztiak ezagunak ziren. Orain, kotxe gehiago dago eta ez zara zein den zein jabetzen. Era berean, lehen, itxitura eta langa gutxiago zegoen etxe inguruetan. Orain, terrenoak eta etxe bueltak hesiz eta atez josita daude. Gero eta pribatuago bihurtzen ari gara guztia. Estetikoki zein nortasun aldetik, Larraulgo plazak berak izan du aldaketarik handiena. Etxe eta mugimendu gehiago dago orain eta alde horretatik, biziago dago herrigunea. Elkartea, kultur etxea, tabernak…, herritarrak modu naturalean elkartzeko aukera dugu orain. Bestalde, horrelako herri txikietan lehen ez zen eskolaz kanpoko ekintzen beharrik ikusten. Denbora okupatu behar hori kolonializatzaileok ekarri dugun ohitura da.  

Herria handitu eta itxuraldatzeak alde onik edo txarrik ekarri al du?
Bietatik. Onen artean, jende gehiago egonda, ideia berri gehiago sortzen dela aipatuko nuke. Lagunak egiteko aukera handiagoa da eta lanpostu berriak sortzen ari dira: tabernako zerbitzariak, Aiztondoko dinamizatzailea… Oraingo Larraul herriagoa da. Hain onak ez diren alderdietan, berriz, trafikoaren gorakada aipatuko nuke eta errepide estuak, trabak sortzen ditu batzuetan. Lapurreta dezente izan da azken aldian. Herri txiki hauetara burgesia txikia etorri da bizitzera eta lapurrentzat tentazio handia da hori. Beldurtu egin gara eta hortik horrenbeste hesi eta ate. Ezin da lehengo lasaitasunarekin bizi.

Zertan da Antton Amunarriz Kultur Etxea?
Hainbat ekintza eta ikastaro egiten da: ludoteka, altzairuen zaharberritzea, yoga, meditazioa, gitarra… Orain herritarroi dagokigu etekina atera eta zaintzea. Ea asmatzen dugun.

Txikienei begira, Larraulen eskola jarri edo ez jarri. Zein iritzi duzu?
Aspaldi egin genuen eskola jartzeko saiakera Larraulen. Orduan ez ginen gaur bezainbeste guraso eta gainera, jendeak haurrak Asteasura jaisteko ohitura zuen. Gaur egun badirudi eskola martxan dela, horretan lanean ari dira. Txikiei begira ez ezik, Lehen Hezkuntza guztia ere jarriko nuke bertan; herriari bizi-poza emateaz gain, haurra hazten denean, bertako oroitzapenak geratuko baitzaizkio gogoan.

Iazko jaietarako txaranga antolatu zenuten hainbat herritarren artean. Zer nolakoa da herri giroa? Ba al duzue beste ekimenik esku artean?
Herri guztietan bezala, jai batzordearen bidez antolatzen ditugu festak Larraulen ere. Iaz ekintza berriren bat egitea pentsatu genuen eta txaranga jarri genuen martxan. Telefono dei asko egin genuen eta jende mordoa animatu zen. Gustura ibili ginen eta aurten ere jarraitzeko asmotan gara. Hala ere, bueltan-bueltan, beti jende berdina gabiltzala iruditzen zait eta batzuei erretiratzeko garaia iritsi zaigula. Gazteei erakutsi beharko genieke bidea.

Zertan bereizten da herri txiki eta handiko bizimodua?
Ni herri txiki batean jaio nintzen eta seguruenik, txikitako oroitzapen polit hori nuelako etorri nintzen hona bizitzera. Gogoan nuen zer den herrian libre ibiltzea, txabolak egitea… Horregatik hazi nuen semea hemen.

Zein txoko duzu gogokoen Larraulen? Zergatik?
Txoko asko. Boladaka izaten da hori. Argibel baserria oso gogoko dut baina, abandonatuta dago eta urtez urte erortzen ari da. Baserriaren aurrean harri kozkorrak eta zelaiak daude. Oso ikuspegi politak ditu. Larraul inguruko edozein baso gustatzen zait, arnasa lasai hartzeko. Añezabal Handitik Erniok ku-ku egiten du, bere burua azalduz. Oso leku berezi eta polita da. Kanposantu ingurua ere gustatzen zait. Polita da, lasaia.

Aldatuko al zenuke ezer herrian?
Batetik, asteburuetan plazatik kotxeak kentzea eskatuko nuke, giroa lasaiagoa izango litzateke kotxerik gabe. Era berean, Larraulgo jubilatu edo adineko pertsonekin, mintza-praktika talde bat sortzea gustatuko litzaidake; hika eta bertako euskara ikasteko. Oso gustura entzuten ditut hemengo adinduen arteko elkarrizketak. Bestalde, herrian ekoizten diren hainbat produktu (patatak, esnea, porruak, arrautzak, babarrunak…), Larraulgo kaletarrok erosteko aukera izatea gustatuko litzaidake. Badakit askok pozik erosiko genituzkeela.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!