Urki dantza taldearen XX.urteurrena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko mar. 25a, 18:17

Andoaingo folklorearen historian urrezko hizkiz idatzita geratzeko moduko gertakizuna da Urki dantza taldearen XX. urteurrena.

Ospatzeko arrazoi handia da hori eta, bide horretan ari dira taldeko irakasle, dantzari eta gurasoak. Gainerako herritarrok gonbidatuta gaude ikusgarriak izango diren ekitaldietan parte hartzera.


Gero eta gertuago dira hogeigarren urteurrena betetzeko antolatu dituzten ospakizunak. Arrate frontoiko azpian ez da giro egunotan! Adin guztietako jendea ari da biltzen, egunero-egunero, euskal dantzekin gorputza astintzeko gogoz. Eta ez pentsa adin guztiak aipatzea topikoa hutsa denik: Agurra ikasten ari den sei urteko dantzaritik hasi eta Ingurutxoarekin dabilen 70 urteko emakumera bitarte, bada jende uholdea!


Astelehenetako entseguetara azaldu gara, txikienen egunean. Begoña Igartua eta Jokin Otamendi irakasleak topatu ditugu neska-mutikoei aginduak ematen. Bi irakasle horiekin batera, beste hainbat euskal folklorezaleei (Ramon Huizi, Karmen Rodrigez, Fernando Gonzalez, Josema Setien, Natalia Gaston…) zor zaie Urki taldeak horrenbeste urtetan jardun izana Euskal Herriko plazetan.


1988ko ekainean Urki dantza taldea jendaurrean hasi zenetik, makina bat herritar izan da taldeko kide. Dantza tradizionalen hil kanpaiak jotzen diren honetan, Begoña eta Jokinek itxaropenez begiratzen diote Urkiren etorkizunari: ¨hogei urtetan ehunetik ez da jaitsi dantzari kopurua, eta joera horri eustea aurreikusten dugu. Egia da umetan gurasoek ekartzen dituztela, baina denborarekin ikusten dute jolasa, dantza, giro ona…, ondo pasatzen dutela; orduan, bakarren batek atzera egiten du, bai, baina gainerakoak naturaltasunez integratzen dira taldean¨.

Urteak igaro.. eta aurrera
Pattalaldi handirik ezagutu gabe, aski sendo ibili izanak badu sekreturik. Batetik taldea gidatzen dutenen konstantzia eta gogoa dago. Begoña bera, hasieratik ari da erakusle lanetan, ¨seme bat bezainbat maite dut Urki. Esker oneko lana da, eta lehenbiziko egunean hona ekarri ninduen motibazio bera sentitzen dut oraindik, dantzari txiki eta gazteei erakusten jartzen naizen aldiro¨.


Jokinen esanetan, ¨Aita Larramendi, Ondarreta eta La Salle ikastetxeetako ikaslez osatuta dago Urki, eta detaile hori ere lagungarri gertatzen da¨. Horrela, giza-kolektiboaren filosofia nagusitu da Urkiren baitan edozein ekimen aurrera eramateko orduan.
Irakasle edo dantzari ez izan arren inguruan dabiltzan beste eragileen papera ere ezin dugu baztertu. Nabaria da eskolen, eta batez ere, gurasoen inplikazioa. Azkek horiek edozertarako egoten dira prest, ¨jantziak josteko, irteeretan laguntzeko, kanpotik datozen gonbidatuak etxeetan hartzeko…¨. Armonia oneko familia dirudi Urkik, beraz, eta kide bakoitzak badaki zein funtzio jokatu behar duen.


Urtebetetzeaz gain, azken aldian Urki taldearen inguruan sortu da beste berri pozgarririk: helduen dantza taldearen sortzea eta plazaratzea, alegia. Egia esanda, Lizar Makil dantza taldea 70eko hamarkadaren amaieran desegin zen, eta harrezkero umetzurtz zegoen Andoain, helduen euskal dantzari zegokionez. Hutsune hori betetzera dator, horrenbestez, talde berri hau.


Dantzaren geroa Andoainen ziurtaturik, Andoaingo herritarroi urteurrenarekin gozatzea egokitzen zaigu, Urki taldeko gaztetxo zein helduekin batera.

 

Urkiko kideen iritzia:

Asier Balda, 7 urte.
Lehengo urtean hasi nintzen Urkirekin. Amak ekarri ninduen, eta oso gustura etortzen naiz, lagunekin eta aritzen naizelako. Aurreskua, fandagoa eta arin-arina ikasi nituen hasieran.
Aurten ¨Agurra¨ eta ¨Txori Txiki bat¨ ari gara ikasten. Oraingoz herrian bakarrik egin ditugu erakustaldiak, baina uste dut hurrengo urtean-edo hasiko garela irteerak egiten.


Sasko Ugarte, 10 urte.
Aurtengoa bosgarren urtea da niretzat. Dantza asko ikasi dut denbora horretan: Txantxarrankoa, Aurreskua, Agurra, Ezpatadantza, Arin-arina eta Fandagoa... Batzuk besteak baino zailagoak dira ikasteko, noski, baina saiatuz gero denak ikasten dira.
Astean behin izaten dira dantzako entseguak, eskubaloian eta futbolean aritzeko denbora ere izaten dut. Hurrengo urteetan segitzeko asmotan naiz.

Uxue Santxez. 14 urte.
Txiki-txikitan hasi nintzen eta hutsik egin gabe etorri naiz urtero. Urtean dantza bat gutxienik ikasten dugu plazetan erakusteko, eta bestalde, beti-betikoak ere errepasatzen ditugu. Beste herrietara egiten diren hiru-lau irteerak asko gustatzen zaizkit. Emanaldia eskaini ondoren familien etxeetara eramaten gaituzte bazkaltzera, eta lagunak egiteko giro polita sortzen da horrela. Nahiko ondo daramat eskolaz kanpoko orduak eskubaloiarekin eta biolinarekin partekatzea, eta berdin segitzeko asmoa dut.


Nagore Loigorri. 20 urte.
6 urterekin etorri nintzen dantzara, lehenbiziko aldiz. Orain hiru urte Poloniako bidaiatik itzulita, taldeko helduenak oso motibatuta geundela ohartu ginen. Urki taldeak berez jorratzen duen adin taldetik kanpo geratu arren, helduen taldea sortu genezakeela, alegia. Era horretan, 24 neskez eta 11 mutilez osatu dugu taldea. Txiki-txikitandik elkarrekin gabiltzanak gara denok, baina taldea irekita dago nahi duenarentzat. Larunbatetan entsaiatzen dugu, Urkiko irakasleekin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!