Pintxo lehiaketa Andoaingo AEK euskaltegian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko mar. 17a, 20:54

Martxoaren 6an euskaltegiko ikasleen arteko I. pintxo lehiaketa ospatu zuten Extremeñoen elkartean.

Hona AEK-ren prentsa oharra: "Guztira 25 ikaslek parte hartu zuten eta binaka nahiz hirunakako taldeak osatuta euskara eskoletan errezetak prestatu zituzten. Ondoren, euskaltegian bertan jarri zituzten guztiek irakurtzeko moduan. Mota guztietako pintxoak prestatu zituzten : irrits pintxoa, pa amb tumaca, hiru izar, txanpiak plantxara, brotxeta xarmangarria, txano gorritxu eta txaka pintxoa.

Martxoaren 6an iluntzeko 19:00etan Extremeñoen elkartean elkartu ginen guztiok eta batzuk sukaldean pintxo beroak prestatzen aritu ziren bitartean, beste batzuk pintxo hotzak ere egin zituzten eta azkenean, guztiak probatzeko garaia iritsi zen.

Epaimahaia 4 ikaslek osatu zuten eta pintxo guztiak jan ondoren, pintxorik onena zein zen aukeratu zuten; lan ederra izan zuten ! Horretarako, honako irizpide hauek erabili zituzten: pintxoaren itxura, zaporea eta originaltasuna.

Guztiek itxura eta zapore ona izan arren, bakarra aukeratu behar izan zuten eta pintxo sariduna plantxan egindako txanpiak izan ziren.  

Egileek saria ere jaso zuten, sukalderako mantal bana hain zuzen ere.

Ondoren, guztiek pintxoak probatzeko eta dastatzeko aukera izan genuen eta arratsalde ederra pasatzeko parada izan genuen".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!