Ugare auzoko lanak

Lan ikuskaritzak dioenez, Ugare auzoko lanak segurtasun eta osasun baldintza onetan aurkitzen dira. Ondorioz, ez dute arriskuan jartzen bizilagunen zein langileen erabateko segurtasuna.

Gipuzkoako Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritza Probintzialak txostena idatzi du eta Ugare (Ubare) auzoko biziberritze lanak zein baldintzetan aurkitzen diren aztertu ostean, bai obrako langileentzat eta baita Zizurkilgo bizilagunentzat ere, lanak segurtasun eta baldintza onetan burutzen ari direla izan da ateratako ondorioa.

"Txosten honek Zizurkilgo Udaleko Raul Vazquez, Partido Popularreko zinegotziak instituzio publiko honetan ezarritako salaketari erantzuten dio, non aipatu auzoko biziberritze lanak arriskutsuak zirela baieztatzen zuen, segurtasunik ezagatik eta, ondorioz, lanak gelditzea eskatzen zuen".

Salaketa honen aurrean, ikuskari bat etorri zen Ubare (Ugare) auzora, eta honek, hirigintzako jarduketa hauek gauzatzeko erantzukizuna duen UTE Rio Asteasu enpresako arduradunarekin batera, lanen egoera ikuskatu eta bertako segurtasun baldintzak aztertu zituen, arriskurik ba ote zegoen egiaztatzeko. Horren ostean, txostena idatzi du, eta segurtasunarekin eta osasunarekin zerikusia duen araudi osoa betetzen dela baieztatzen du.

"Zizurkilgo Udalak asko baloratzen du ateratako ondorioa, eztabaidaren hasiera-hasieratik Udal honek defendituriko tesiak modu ofizialean berresten dituelako, eta auzo honetako biziberritze lanek jarduera-mota hauei aplikatzen zaizkien segurtasun arau guztiak uneoro errespetatu dituztelako. Honen harira gogorarazi nahi du astero egin direla bilkurak gai honen inguruan aipatu UTE horretako arduradunekin, eta etengabeko kontrola egon dela Udalaren aldetik, herrian burutzen den edozein hirigintza lanetan jokatzen den bezalaxe".

Ugare (Ubare) auzoko bizilagunei erabateko segurtasuna bermatzeko kezka argi geratu zen Udalak horren kariaz antolaturiko bilkuran, auzotar guztiei lanak zein egoeratan zeuden, gauzatzeko epeak eta bizilagunen eta langileen edozein arrisku ekiditeko hartutako neurriak zeintzuk ziren informatzea zen bileraren helburua.

Udalak uste du txosten honek Raul Vazquez zinegotzi popularrak piztutako eztabaida antzuari amaiera jarriko diola; eta aholku bat luzatzen dio bide batez, hau da, herriaren alde lan egin nahi baldin badu, bere jarrera alarmistak alde batera utzi, eta herriko bizitza hobetzen lagunduko duten proposamenak egitea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!