II. Poltsiko Antzerki Lehiaketan izen ematea zabalik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko mar. 17a, 14:20

Martxoaren 28ra arte zabalik dago izena ematea. Bi hilabetez luzatuko da lehiaketa eta tarte horretan parte hartzaileek haien piezak aurkeztu beharko dituzte. Helburua, formatu txikiko ikuskizunak sustatu eta kultur elkartrukerako guneak sortzea.

Asvinenea kultur elkarteak Ardilatxa elkartearekin batera, iazko arrakasta ikusita, Poltsikoko Antzerki Piezen bigarren edizioa antolatu du. Asmoa, formatu txikiko ikuskizunak sustatzea eta zabaltzea da. Baita kultur trukerako espazioak sortzea ere.

Lehiaketan parte hartzeko izena ematea zabalik dago martxoaren 28ra arte. Izena emateko asvinenea.com atarira jo behar da eta bertako inskripzio orria bete. 30 euro ordaindu behar dira. Gero lehiaketa amaitutakoan parte hartzaileei itzuliko zaie diru kantitate hori.

Antzerki piezek originalak izan behar dute eta zortzi-hamabost minutu arteko iraupena dutenak. Piezako kide, gaia eta teknika libreak. Parte hartzaile bakoitzak pieza bakarra aurkez dezake.

Bi hilabetez luzatu eta zazpi saioetan garatuko da lehiaketa. Saio horietako bakoitzean, aldez aurretik izena eman duten taldeen piezak erakutsiko dira. Epaimahaiak eta ikus-entzuleen ardura izango da pieza hoberena zein den erabakitzea. Erakustaldiak Asvineneako egoitzan bertan eskainiko dira, Adunan; Zubitxiki pasabidea 15 zenbakidunean. Izena emateko edota informazio gehiago: 685 751 844, 665 738 081 edota poltsiko08@gmail.com

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!