Bi enpresa buru, langileak esplotatzeagatik inputatuta

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko mar. 14a, 13:25

Erratzu industrialdean kokatutako enpresa batean gertatu da. Ertzaintza hilabete hasieratik ikertzen aritu ostean, Mongoliako 14 langile esplotatzen zituen enpresa bat atzeman du. Enpresa horretako bi arduradunei, langileen eskubideen aurka jardutea leporatzen diete.

Ustezko langile esplotazio kasu baten berri eman dute zenbait komunikabideek gaur goizean. Erratzu industriagunean kokatzen den pabilioietako batean gertatu da, Ertzaintzak martxoaren 2tik abian duen ikerketaren arabera. Egun hartan, patruila batek Ekialdeko bederatzi langile Erratzu aldera zihoazela ikusi zuten. Une hartatik, zaintza lanetan aritu dira. Ikusi ahal izan dutenez, 12-13 langile egunero oso goiz Erratzura joaten ziren. Eta gauean, oso berandu irteten omen ziren pabilioietatik. Ertzaintzak Lan Ikuskaritzan gertatzen ari zenaren berri eman zuen. Hortik jakin izan dute, enpresa horrek ez zuela Ekialdeko langilerik kontratatuta.

Hala, martxoaren 11n ertzainak eta Lan Ikuskariak enpresan sartu ziren. Barruan Mongoliako hamalau herritar zeuden lanean. Polizia Nazionalak hamalau langileak eraman zituen. Ertzaintzak ustez langileen eskubideen aurka egindako delituagatik enpresako bi arduradun inputatu ditu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!