Ana Karrere Akaba Bera Berako teknikaria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko mar. 14a, 11:10

Zuzendari teknikoa, prestatzaile fisikoa, atezainen trebatzailea, komunikazio arduraduna… esku bete lan dauka Akaba Bera Bera taldean. Modan dagoen taldea da, baina Anak aitortu duenez berriz ere betikora itzultzeko beldurrik ez dute, urte mordoa egin baitute arreta mediatikorik jaso gabe. Valentziara eta Danimarkara, bi partida jokatzera joan bezperan egon gara berarekin, Karrikan.

Reyes eta biak eskubaloiko Akaba Bera Berako talde teknikoan zaudete… Familiatik al datorkizue eskubaloirako afizioa?
Ana Karrere.
Familiatik jaso, egia esanda, kirolerako gogoa jaso dugu. Aita Donibaneko arraunlaria eta ama saskibaloiko jokalaria izan ziren. Ni, 15 urteko neskentzat ia kirolik ez zegoen garaikoa naiz. Atletismoa nuen nik gogoko, baina Donostian ez beste inon ez zegoen ezer antolatuta; eta nik ez joan nahi hara… Horretan, Institutuko Altube irakasleak nesken eskubaloiko taldea osatu zuen Ereintza klubean. Hark ni animatu ninduen, eta nik ahizpa. 70ko hamarkadaz ari naiz.

Harrezkero, eskubaloia ezin utzi nonbait…
A.K.
Nahiko urruti iritsi nintzen, atezain gisa. Lehen mailan jokatu nuen Hernani, Valentzia, Asturias eta Bidebietako taldeetan. 27 urterekin, ordea, horretan jarraitu hala ikasketak egitea, zirt edo zart erabakitzeko unea etorri, eta bigarrena hautatu nuen. Hala ere, eskubaloiarekiko arrak entrenatzaile gisa jarraitzea bultzatu zidan.

Denboraren poderioz, Andoainen amaitu behar…
A.K.
Nik Andoain, herri bezala, ezagutzen nuen Arrate frontoira jokatzera edo bizpahiru aldiz Santa Krutzetara etorri izanagatik. Nire oraingo bikotekide Mikel Errenteriako auzoko jai batzuetan ezagutu nuen. Geroztik etorri da Haritz eta Lierni haurrekin osatzen dugun familia.

Ikastolako sarreran haurrekin, Zumea Plazan… askok ezagutzen zaitu herrian, baina gutxik dakite Akaba taldean kirol teknikari gisa zaudela.
A.K.
1999az geroztik taldeko kirol zuzendaria naiz. Orain urte batzuk eskema zaharrak apurtzeko apostua egin zuen klubak. Lehen mailako talde batek lehiakor izan nahi badu, profesionaltasunaren bidetik jo behar du nahitaez. Boluntarismoarekin bakarrik ezin dela funtzionatu gaurko gizartean. Hain zuzen, gogoeta horrek eraman gintuen anbizioko egitasmoan murgiltzera. Bi arlo bereziki zaintzera bideratu genituen ahaleginak: klubaren kudeaketa bera (sponsor eta erakundeen diru iturriak, administrazioa, marketina, jokalarien profesionalizazioa…) eta kirolaren alde teknikoa. Apustu horri esker iritsi gara 630.000 euroko aurrekontua duen eliteko taldea izatera.

Zure lana alor teknikora zuzentzen da batik bat.
A.K.
Talde teknikoa hiru pertsonak osatzen dugu: Reyes entrenatzailea, Amaia Ramirez sikologo-prestatzailea, eta ni entrenatzaile fisikoa eta atezainen prestatzailea. Hiruron artean lan integrala egiten dugu. Nork bere aldetik ez du ezer egiten beste biekin kontatu gabe. Partiden egutegia hartu eta plangintza osoa egiten dugu; adibidez, badakigu psikologikoki jokalari taldea noiz-non presionatu litekeen gehiago, noiz-non gutxiago. Partida bateko mila trantzetan jokalariek erantzuteko gaitasuna eduki dezaten lantzen dugu. Garrantzi handiko azken partidetan adibidez, 7-8 gol atzetik joan arren, jakin izan dugu aurkaria menperatzen. Ikusleek eta prentsak asko azpimarratu izan dute erreakzio gaitasun hori. Kasta kontua ere izan liteke, bai, baina argi dago entrenamenduetan lantzen dugun gauza dela.

Egunero entrenamenduak, estatu espainiarrera edo Europara bidaiak… Sakrifizio handia eskatuko dizu eginkizun horrek?
A.K.
Familiarekin egoteko denbora asko kentzen dit. Datorren asteburuan, adibidez, Valentziara goaz Ligan jokatzera, eta handik zuzenean Danimarkara abiatuko gara, Errekopa jokatzera. Familiako martxa egunez egun antolatu behar izaten dugu, eta horretan eskertzekoa da Mikelen eta familiaren laguntza.

Aisa onartzen al dute jokalariek lan metodologia hori?
A.K.
Laupabost urte daramatzagu lan metodo horrekin. Etxekoak zein kanpotik etorri diren fitxaketak ondo moldatu dira beti. Azken batean, bost bat urteko ikuspegiarekin lan egiten dugu. Orain ari zaizkigu garaipenak eta etekin ikusgarriak heltzen, baina aurreko lanaren ondorio zuzena izan da.

Harrobiarekin zer moduz moldatzen zarete?
A.K.
Guk ahal delarik bertako jokalariekin osatutako taldea nahi dugu, eta beraz zaindu beharra daukagu harrobia. Noski, elitera ezin da edonor iritsi. Harrobiko jokalari gazteek bost urteko epea behar dute emaitzak ematen hasteko. Orduan 18 urteko jokalari batek ikusi behar du ea merezi duen sakrifikatzea; ea merezi duen egunero entrenatzea, nahiz eta jakin zenbait urtetan lehen mailan ez duela jokatuko ziurrenik. Hori horrela dela onartzen dutenak ateratzen dira azkenean, goiz ala berandu jokatzeko aukerarik izango baitute taldean. Orain gutxi hiru gazte treberen atzetik ibili ondoren ezezkoa eman digute, ez baitzuten halako dinamikan murgildu nahi. Ez zitzaien nahiko konpentsazioa iruditu jaso zezaketen soldata eta Euskal Herriko talderik indartsuenean jokatzearen pribilegioa.

Bost urteko epeko lanari ematen diozue garrantzia, beraz.
A.K. 
Kirol emaitzak lasai jardunez lortzen baitira, ez presio bidez. Uler dezaket dirua banatzerakoan politikoek baldintzak jartzea, emaitzak azkar eta ikusgarri nahi izatea. Baina filosofia horrek irtenbide errazik ez duen zirkulu itxi batera garamatza. Garaipen ikusgarriak (Kopak, Europako txapelketa…) eskatzen zaizkigu diru-laguntzen truke, baina horretarako harrobia landu eta kanpotik fitxaketa garestiak ekarri behar dira…
Oso neska gutxi ateratzen dira, egia esanda, etorkizuna eduki dezaketenak.

Komunikabideetan asko agertu zarete azken aldian.
A.K.
Espainiako Liga eta Superkopa, Europako Errekopa… Bi hilabete nahiko itogarriak igaro ditugu lehiaketen aldetik. Eta gero gainera, Gipuzkoako agintarien harrera ofizialak gehitu dira. Gu ere harrituta gaude Cementos La Unión-en aurkako finalean irabazi genuen Superkopa zela eta nola egon ginen arreta mediatikoaren pean. Elkarrizketak han eta hemen… Betiko ez zela izango bagenekien, eta horregatik olatu hori goi-goian zegoen bitartean egoeraz gozatzen saiatu gara. Berehala, handik hiru egunera ikusi genuen Europako finalaurdenetako partida jokatu arren
nola ez zuten aipatu ere egin ia ia. Lasai hartu dugu protagonismo mediatikoa, azken batean emakumeak gara eta gizonezkoek baino zailduagoak gaude ezikusizko egoeran bizitzera.

Balentri ugari egin behar izan duzue, telebistan-eta agertzen hasteko?
A.K. 
Injustoa da egoera baina telebistan agertzen ez dena, ez da esistitzen. 15 urte daramatza Akaba Bera Berak Europako txapelketetan jokatzen, baina jende ugarik oraintxe izan du gure berri. Begiraiozu Gipuzkoako kirol panoramari, eliteko taldeen arloan: Bidasoa, Erreala, Bruesa… bigarren mailan denak. Gurea da Europan dabilen talde bakarra. Gu gara maila handiena erakusten ari garen taldea; horixe ziurtatzen du eman berri diguten 2007ko Gipuzkoako talderik onenaren sariak ere. Eta hala ere, beti borrokan merituz dagokigun espazio txiki bat lortzeko komunikabideetan. Neketsua da, bai, beti borrokan aritzea…

Azkenik, nola salduko zenuke Akaba? Alegia, zerk erakarri dezake edozein kirolzale Bidebietako kantxara joatera anima dadin?
A.K.
Kalitateak eta ikuskizunak. Taldeak oso joko bizia praktikatzen du eta etengabeko ikuskizun dibertigarria eta kalitatezkoa eskaintzen du. Geroz eta jarraitzaile gehiago ditugu; kuriositatez-edo etortzen dira behin, eta errepikatu egiten dute gero. Ez gara momentuko fenomenoa. Orain gutxi jokalariak Bruesaren partida ikustera gonbidatu zituzten. Denek ondorio berbera atera zuten: partidaren inguruko parafernalia guztia kenduta, kirol ikuskizun hutsari begiratuz gero, gurea askoz dibertigarriagoa dela.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!