Urnieta-Adarramendi krosak lagunarteko apustuan du sorburua

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko mar. 14a, 10:35

Martxoaren 30ean burutuko den lasterketa gaur egun oso ezaguna da. Sorburua lagunarteko apustuan kokatzen da, 1976ko azaroaren 13an hain zuzen.

MARTXOAK 30: Urnieta-Adarramendi proban parte hartzeko: 943 008 328 / kirol@urnieta.org 

Zakarias Estevez Agirre“Xaka”, Domingo De Domingo eta Mikel Kortajarena Garmendia“Morete”. Izen hauetaz oroitzen denak “a ze hirukotea!” esango du. 70. hamarkadan kokatu behar dugu. “Xaka” Urnietako Yurramendi kalean jaio eta bertan bizi zena. Domingo Burgoskoa zen sortzez, baina Urnietan zebilen eraikuntza lanetan. “Morete” berriz, Eulianeko semea, orain kanpoan bizi bada ere, orduan, herri guztian oso  ezaguna zena. Denek bazuten ezaugarri amankomun bat; apustu zaleak izatea, elkarri desafioka aritzen baitziren. Udaletxe azpiko arkupeetan pilotan zela, edota korrika saioetan ere nork marka hobeagoak egin lehian aritzen ziren. Hirukoteari Euxebio Orkaizagirre Ongi Etorri tabernakoa erantsi behar. Horrelako kontuen zalea baita.

Aipatutako taberna hartan koka daiteke, gaur egun hain ezaguna den Urnieta-Adarramendi kirol probaren sorrera. Laukote hark antolatu zuen 1976ko azaroaren 13an Ongi Etorri tabernan hasi eta leku berean bukatu zen kirol apustua: Adarrara igo eta jaistea. Giroa ezinhobea omen zen, herritar ugari erakarri zituen apustuak. Egun hura gertutik bizi izan zutenek diotenez, herriko jaiak ziruditen.

Norgehiagoka hartako faboritoa “Xaka” omen zen. Baina Domingok egin zuen markarik onena. Neka neka eginda bukatu zuten hirurek, baina ez zuten ospatzeko aukera galdu nahi izan. Gerora, apustu hura ez zen berriz errepikatu. Baina nork esango ote zien, desafio hura gaur egun herriko kirol proba garrantzitsuenean bihurtu eta maila bikaineko hainbeste kirolari erakarriko zuenik?

Hona, 1976ko urte hartako probaren emaitza:

  • 1. Domingo    1:21:59
  • 2. Morete    1:23:34
  • 3. Xaka    1:24:25

 

Xabier Madina, Urnieta-Adarramendiko koordinatzailea da. Hona probaren inguruan izandako solasaldia.

Zure lana noiz eta nolatan hasi zen?
Xabier Madina:
Urnietako Kirol Instalakuntzen zuzendaria naiz. Azken hamalau urteetan hainbat kirol ekintza antolatu izan ditugu; areto futbol txapelketa, pala txapelketa, tenis txapelketa… Eta atletismoko proba herrikoiak; Urnietako Herri Bira eta Adarramendiko proba. Duela hamabi urte Kulturnietan gerente bat zegoen eta hark Ongi Etorri tabernan izan zuen apustuaren berri. Segituan pasa zidaten proba hori martxan jartzeko ardura.

Nola oroitzen duzu lehen edizio hura?
X.M.:
Hirurogei partaide izan ziren. Juan Mari Garin zizurkildarrak irabazi zuen. Horrela beste bospasei edizioetan. Ionut Zinka gaztea etorri arte. Makina bat da. Mendian nola ibiltzen den ikustekoa da. Errumanian orientazioko probak egiten espezialista dela jakin dut. Hortik trabesiak egitera pasa da. Oso altua eta argala da. Oso prestakuntza ona du mendian ibiltzeko.

Hiru edizio irabazita, aurtengo faboritoa Zinka izango da?
X.M.:
Bai. Euskadiko ekipoa etorriko da. Ikusiko da, baina berak du denbora onena; ordu bat eta 37 segundo. Ez dakit nor izango den gai marka hori hobetzeko. Horretarako pentsa; Urnietatik atera, mendi tontorreraino igo eta plazara jaitsi behar da berriz, ordubetean. Gehienez bi orduko tartea dute. Oro har, parte hartzaileak oso ondo prestatuta datoz. Denek bi ordu baino gutxiagoan osatzen dute ibilbidea.

Urnietarrak ere hor ibiliak dira?
X.M.:
Une honetan, urnietar bakarra dago izena emanda; beti parte hartzen duen Mikel Agirregomezkorta. Lehen hamabost postuetan sailkatzen da. Urnietakoak batzuetan parte hartzen dute, hamabost inguruk. Denbora onena dutenak: Agirregomezkorta bera, Pablo Usarreta, Toledotxiki… Proba gogorra da.

Proba bera aldatu al da edizio hauetan guztietan?
X.M.:
Gauza batzuk aldatu dira. Gaur egun, proba antolatzea errazagoa da, www.herrikrossa.com enpresarekin elkar lanean aritzen baikara. Beste enpresa batzuekin ere harremanak ditugu. Lehen baino hobeto antolatzen dugu. Probari erakargarritasuna eman nahi diogu; trofeoekin, parte hartzaile guztientzat zozketa…

Erreferentziala bihurtu da Urnieta-Adarramendi proba?
X.M.:
Urnietako proba garrantzitsuena da.

Aurrera begira, zer norabide jarraitu behar luke Urnieta-Adarramendik?
X.M.:
Beti gauza bera esaten dut. Laguntzaileak behar ditugu. Alde horretatik pixka bat kezkatuta gaude. Bestalde, parte hartzea berrehun pertsona inguru horretan mugatu behar dugu.
Momentuz, nahiko tartea dugu proba handitzeko. Ehunetik gora partaide mugitzen ditugu. Jende gehiago etortzeko tarte handiagoa dago.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!