M9: Ordezkari politikoen balorazioa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko mar. 12a, 19:56

Barreiro (IU-EB), Urnietako eta Andoaingo ezker abertzalea, Gabino Agudo (EA), Maribel Vaquero (EAJ-PNV), Juan Carlos Cano (PP), Estanis Amutxastegi eta Herme Gonzalez (PSE-EE).

SERGIO BARREIRO, IU-EB
Boto gutxi dituzten alderdientzat ezin balorazio ona egin. Hauteskunde Orokorretan joera bipartidismoranzkoa da, masa hedabideek bereziki sustatuta. Baikor egoteko arrazoi gutxi dago, gutxienez orain zortzi urteko emaitzari eusten diogu. Etorkizunera begira panorama errepikatuko den beldur naiz, PSOE-PP alderdien arteko polarizazioa ezagutuko dugu berriro. Estatu mailan izan dugun galera oso handia da.

GABINO AGUDO, EA
Lortutako emaitzarekin pertsonalki gustura sentitzen naiz. Kongresukidea lortu ez dugulako tristura puntu bat badut neronek ere. Ez da gauza berria antzeko hauteskundeetan gertatu den polarizazioa eta hori gure alderdiaren kalterako izan da, nabarmen gainera. Atentatuak guri bereziki kalte handia eragin digu. Ezker abertzaleak egindako deiaren aurrean, beldurrez botoa eman gabe geratu den jendea ezagutzen dut. Gure alderdiaren inguruko botuemaileen artean badago horrelako kasurik.

EZKER ABERTZALEA, ANDOAIN
Abstentzio aktiboa eskatu genuen eta jakin badakigu zaila dela abstentzio aktibo hori neurtzea. Oso balorazio positiboa egiten dugu, hauteskundeak testuinguru politiko orokor batean ulertzen ditugulako. Euskal Herria salbuespen egoera batera kondenatu dute eta andoaindarrei zein euskal herritarrei salbuspen egoera horri Stop esatea eskatzen genien.  Gurea Konponbidearen eta Euskal Herriarekiko marko demokratikoaren aldeko eskaera da. Alde horretatik, emaitzak ikusita, azken hilabeteetan egin dugun ibilbidea eta lana saritu dutelakoan gaude. Aurrera jarraitzeko bultzada berria jaso dugu.

JUAN CARLOS CANO, PP
Alderdi sozialistaren garaipena garbia izan da. Andoainen bereziki EAJtik eta beste alderdietatik PSE-EE aldera boto trasbasea egon dela esango nuke. Hauteskundeak sentimenduak agerian dauden unean egin dira, baina ukaezina da alderdi sozialistak Andoaingo herritarren interesa pizteko gaitasuna izan duela. Hori da herritarren borondatea, guri lanean jarraitzea dagokigu.

ESTANIS AMUTXASTEGI, PSE-EE
Emaitza baloratzeko garaian, jaso dugun babesa gauzak ondo egiten ari garen erakusgarri da. Sentimendu nahasiak ditugu. Batetik, saminez bizi dugu Isaias gure kidea erail izana. Bestetik, Andoaingo hiritarrek guri emandako botoarekin bide onetik goazela adierazi digute. Bestalde, abstentzioa altua izan da baina boto gehiago lortuko genituelakoan gaude. Gure jendea ere beldurrez ez zen botoa ematera joan. Ezker abertzaleak deitu duen kanpaina edo boikota dago beldur horren atzean.  

URNIETAKO EAE-ANV
2004an baino 639 pertsona gehiago abstenitu da (%42,85). Emaitza honek, hauteskunde normalizatuak irudikatu nahi dutenei zer pentsatu eman beharko liokete. Euskal Herriak PNVri mezu argi bat bidali dio bigarren aldiz: ez dugula iruzur eta politika neoliberal gehiagorik nahi. Abstentziora jo duten pertsonak, ez dira ezker abertzaleko bozka emaileak guztiak ziurrenik. Egoerarekin nazkatuta, herri bezala erantzuteko aukera egokiena abstentzio aktiboan ikusi dutenak.

MARIBEL VAQUERO, EAJ-PNV
Abertzaletasunaren ikuspuntutik ezin oso kontentu egon. Bestalde, ez da garbi helarazi gure mezua. Azken atentatuak ere enpatiazko bozka asko bultzatu du. Bestalde, lau urte hauetan eta kanpainan, bipartidismoa eta Zapatero eta Rajoyren arteko lehia nagusitu dira. Haiek bakarrik agertu dira. Alderdien ilegalizazioengatik edota atentatuengatik, hauteskundeetan ez gaude inoiz egoera normal batean. Hauteskundeak galdu eta irabazi dutenek erreflexionatu behar dugu. Jasotako bozka horiekin zer egin behar dute?

HERME GONZALEZ, PSE-EE
Urnietako PSE-EE-rentzat emaitza oso onak izan dira. Pozik gaude horregatik. Ez dugu euforikoak izan nahi, ez dugu halakorik sekula egin, gauzak arrazionalizatu behar dira. Hemendik aurrera, lan asko eta oso ondo egiten jarraitu behar da, hurrengo autonomi eta udal hauteskundeetan ahalik eta emaitzik onenak eskuratzeko. Eskerrak eman bozkatzera joan ziren urnietar guztiei eta batez ere, guregan konfiantza jarri zuten 1222 herritarrei.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!