Postontzia: "Zuhaitz mozketa"

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko mar. 12a, 19:49

"Iragan astean Andoaingo Renferen geralekuan (Apeaderoa) bederatzi zuhaitz moztu zituzten. Txartel saltzaileari azalpenak eskatuta “baranda” bat jartzeko asmoa dutela erantzun zigun".

Tristea, penagarria da RENFE bezalako enpresa publiko batek landareria eta bereziki zuhaitzekiko azaltzen duen errespetu eskasa, are gehiago bere burua saltzeko ingurumenaren errespetuaren argudioa erabiltzen duenean. Zuhaitzak ez ote dira ba ingurumen horren parte?

Zuhaitzak, platanoak
(platanus híbrida) ziren, 50 bat urtekoak eta euria zein eguzkiaren kontrako babesaz gain, orain jarri nahi duten hesi efektu hori ere egiten zuten. Ziur gaude RENFE-ren asmo berrietan zuhaitz horiek integratzeko erak bazeudela baina borondaterik ez dagoenean... Gainera, ez ginateke harrituko gaixo zeudenaren argudioa ematea ere.
Deigarria egiten zaigu, mozketa hau gertatzea EGUZKI-k txosten baten bidez RENFE-ren geltoki eta geralekuen gabeziak agerian utzi dituenean, izan ere, premia askoz larriagoak baitituzte geltokiek: Trenbide gainetik igaro beharra, arazo fisikoak dituztenentzat igarobiderik ez, trenarekiko desnibela, aterpe ezak,...
Berriz ere, RENFE-ri eta ADIF-eri eskatzen diogu marka ditzatela lehentasunak azpiegiturak eguneratzeko eta konforme ginakeela ohiko tren sarean, AHT-an inbertitu behar dutenaren %1 inbertituko balute.
 
GEHIGARRIA:
Idatzi hau prestatu eta gero jakin dugu, ADIF eta Andoaingo Udalak akordio bat sinatu dutela trenbide azpitik pasabide bat eraikitzeko. Albiste pozgarria dela deritzogu eta jarraitu beharreko bidea hori dela, nahiz eta berandu datorren kontutan edukita hildakoak egon direla bertan.

Egia esan, momentu honetan akordioa sinatzeak, Andoaingo Udalak urte batzuk zeramatzanean gai honen inguruan, kutsu elektorala hartzen diogu baina neurria beharrezko denez, ontzat ematen dugu.

Gure ustez Udalak saiatu beharko luke aukera aprobetxatzen eta pasabidearekin batera erantzun erabateko edo integrala ematen inguruari Leizaur parkea berriztatuz, lurpeko aparkalekuak eginez...

Andoaingo Eguzki

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!