Behar-Zana pilota eskolako Iñaki Lizasok jakinarazi duenez, Labaka, Maiz eta Erasun pilotariek Gipuzkoako eskolarteko finala jokatuko dute datorren larunbatean, martxoaren 15ean, Ibarrako kiroldegian, arratsaldeko 16:00etan. Kanporaketa bat baino gehiago jokatu dute aurrez, "Tolosaldeko txapelketa irabazi ondoren, joan zen larunbatean, oso partida berdinduan, 5-3 irabazi zieten Lasarteko eskolako pilotariei".
Bestalde, aurreko larunbatean Arruti-Arruabarerna bikoteak Gipuzkoako lehen mailako finala jokatu zuten Usurbilgo Huizi-Landa bikotearen aurka, Irurako trinketean. "40-28 emaitzarekin galdu zuten arren, egindako txapelketarekin gustura geratu dira".
Aste honetan ere pilota partidak izango dira Amasako pilotalekuan, "21:15etan Udaberri txapelketari dagokion partida jokatuko dute kadete mailan Artaza-Nazabalek, Bergarako taldearen aurka".
Lizaso-Pebet bikote seniorrak ostegunean Urretxun Rodriguez-Insausti bikotearen aurka jokatu ostean, igandean Aginagan 11:00tan Santxez-Linzoain nafarren aurka jokatuko dute.
Behar-Zanako beste hainbat taldek kanpoan jokatuko du asteburuan. Esaterako, Ordozgoiti-Inza jubenilek Urnietan izango dute partida larunbatean 15:30etan eta Karrera-Bereziartu kadeteek Azkoitin jokatuko dute.