Zizurkilgo Udalak eta Etorlur elkarteak Zizurkilgo Joxe Arregi plazan egin asmo diren 30 etxebizitza babestuetariko 24 zozketatuko ditu martxoaren 29an. Etxebizitza horiek 75 urterako azalera-eskubide erregimenekoak dira, eta zozketa goizeko 09:30etan egingo da Zizurkilgo Kultur Etxean.
Aipatu sustapen hau foru proiektu handiago baten barruan sartzen da; izan ere, proiektu horrek lehen fase batean 42 etxebizitza eraikitzea aurreikusten du, horietarik 30 babesturikoak izanik. Aipatu etxebizitzak Joxe Arregi plazan eraikiko dira bi bloketan banatuta. Esan beharrik ez plaza inguruko irudia erabat aldatuko dela aurreikusitako urbanizazio lanak amaitutakoan. Era honetan, herriak bertako bizilagunen gozamenerako atondutako gune berri bat izango du, ondoren egingo den bidegorriarekin batera.
Babesturiko etxebizitzak, gela bat, bi edo hirukoak izango dira eta guztiek trastetegia eta garajea izango dituzte. Etxebizitza guztien erdiak Zizurkilen erroldaturiko bizilagunentzat erreserbatuko dira, eta gainerako % 50a Gipuzkoako lurraldean bizi direnentzat izango dira.