Marizulo, Urnietako kondaira bilduko duen ikuskizuna

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko mar. 5a, 18:08

Marizulo izena du Txanbolin Txistulari Bandak bultzatu eta herritar kultur taldeekin batera prestatzen ari diren ikuskizunak. Musika izango du oinarri, baina dantza ere ez da faltako, eta antzerkiak emango du istorioaren haria. Herritar orok parte har dezake antolatze lanetan edota emanaldian. Apirilaren 3an, aktoreak aukeratzeko kastinga Lekaion arratsaldeko 19:30etan. Juan Agirre, Juxto Egaña, Luix Mari Zaldua, Antton Jauregi eta Mikel Agirregomezkorta diraherri ikuskizuneko eragileetakoak.

Nondik dator herri ikuskizuna antolatzeko ideia?
Duela hamabost urte hasi ginen Txanbolin Txistulari Bandakook Sanmieletan kontzertu herrikoi bat egiten herrian. Azken aldi honetan, Euskal Herriko probintzien inguruan egitea bururatu zitzaigun. Eta probintziaz probintziako ibilbidea iaz amaitu genuen Gipuzkoarekin. Horretara iritsi aurretik, geure herriari buruz zerbait egin beharra zegoela pentsatu genuen. Hasiera batean, ohiko bideari jarraituz, Urnietako historiaren aro ezberdinekin lotu zitezkeen musika eta dantza batzuk aukeratu genituen. Baina ikusi genuen hori azaldu egin behar zela, nolabait adierazi. Ez genuen aurkezlearen azalpen soilera mugatzerik nahi, ikusarazi egin behar zen eta hortik sortu zitzaigun antzeztearen premia, Urnietako historiaren pasarte batzuk eszenan bistaratzea, alegia. Gidoilari bati eman genizkion guk genituen materialak, zati horiek josi zitzan. Gidoilariak Urnietako historiari buruzko istorio bat egin du.

Prestakizun lanak une honetan zertan dira?
Une honetan, oinarrizko gidoi bat egina dago. Gidoi horren baitan gauden partaideekin hitz egiten hasiak gara. Aurreko eta egungo Udalbatza osatzen duten alderdi politiko guztien oniritzia dugu. Musika aldetik, errepertorioko piezak eta espresuki emanaldi honetarako egokitu edo sortutakoak tartekatuko ditugu. Artxiboak astintzen ari gara. Eta Urnietari lotutako altxor musikal batzuk aurkitu ditugu.

Nola definitu prestatzen ari zareten ekimena?
Bileretako batean, gidoia ikusita emanaldia zer zen galdetu zuen batek. Zergatik izan behar du zerbait? Guztiari etiketak jartzen saiatzen gara. Herri emankizun bat da. Emankizun honek bere helburu didaktikoa du; gure herriaren historiaren ideia eta ezagutza bat izatea. Hau egitera bultzatu gaituena, Urnietaren historiari buruzko zerbait egitea izan da.

Estrenaldia noizko?
Lehen antzezpena urria aldera eskaintzeko asmoa dugu buruan, Sanmielak pasatakoan. Printzipioz Saroben egingo dugu, nahiz bere tamaina apur bat mugatua izan. Hala ere, ez da izango gau bakarreko kontu bat. Gidoitik gauza batzuk laburtu egin ditugu. Horiek berreskuratu ditzakegu beste antzezpen batzuetan. Guztia irekia baitago.

Ikuskizuna ez da beraz, gau bateko kontua izango?
Urnietak antzerkirako joera izan du. Ekimen honekin ere, tradizioa sortu nahi genuke eta proiektu baten inguruan ahal diren urnietar gehienak elkartu. Eta aurrerantzean mugimendu kultural bat sustatzeko eta auzo lanari bultzadatxo bat emateko balioko balu, izugarria izango litzateke.

Herri ikuskizuna

  • Izenburua: Marizulo, Urnietako kondairaren istorio musikatua.
  • Eragilea: Juxto Egaña eta Antton Jauregi (Txanbolin Txistulari Bandakoak) eta Luix Mari Zaldua.
  • Musika: Joxean Goikoetxea, Roberto Yaben.
  • Aktoreen kastinga: Iñistorra Euskaltzaleen Biltzarra.
  • Aktoreen zuzendaritza: Mikel Agirregomezkorta.
  • Dantza, koreografiak: Edu Muruamendiaraz.
  • Gidoilaria: Juan Agirre.

Adi Casting-ari!

  • Aktore amateurrak: Udazkenean estreinatuko den herri ikuskizunerako adin guztietako aktore amateurren bila dabiltza antolatzaileak; maila ezberdinetako paperak bete beharko lituzketen antzezle eta figurante bila.
  • Deialdi zabala: Kastingean edozein herritarrek parte har dezake. 
  • Hitzordua: Lekaion datorren apirilaren 3an, 19:30etan hasita. Kastingera agertzen diren guztiek, herri ikuskizunean parte hartzeko aukera izango dute. Beraz, gogoa izatea nahikoa da taula gainera igotzeko.
  • Aktoreen kastinga: Iñistorraren ardurapean egingo da.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!