Arau Subsidiarioak: Peio Lozanori elkarrizketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko mar. 5a, 18:03

Arnasa herri plataformatik Arau Subsidiarioen gaian irekitako alegazioetarako epea motza dela irizten diote. Herritarren parte hartzea bermatzea nahi dute. zan ere, Peio Lozanoren esanetan, egitasmo potolo honek Urnietaren etorkizuna baldintzatuko baitu. Alkatearen jarrerari dagokionez, duela zortzi hilabetetik hona jarrera aldatu duela salatu du.

Zuek egina duzue Arau Subsidiarioei lotutako lan bat?
Peio Lozano:
Arnasatik, lehengo udal gobernu taldeak onartu zuen dokumentuari zenbait iradokizun egin zitzaizkion. Gure eredua osatua dugu eta nahiko bideragarria dela uste dut. Arnasari betidanik interesatu zaiona jendearen parte hartzea izan da, azkenean, etorkizunean zer nolako herri eredua nahi duen erabaki behar dutenak herritarrak baitira. Gaizki iruditzen zaigu, alegazioetarako hain epe motza izatea. Alegazioak aurkezteko benetako eztabaida sakona behar da herri mailan. Zenbat eta irekiagoa, orduan eta hobeto. Iruditzen zaigu, etxez etxeko galdeketak martxan jar daitezkeela, herritarrek pentsatzen dutena azal dezaten. Gai horrek etorkizunera begira, epe luzera hipotekatuko gaitu eta.

Zuen planteamenduak Udalak aurkeztu duen dokumentuarekiko aurkakotasun asko du. Zeintzuk azpimarragarrienak?
P.L.:
Duela hogei urte Urnieta landa herria zen, paisaia aldetik oso ondo kontserbatua zegoen. Urte hauetan guztietan ordea, herria guztiz aldatu da, okerrera. Bizi kalitate maila galdu da. Herritarroi benetan interesatzen zaiguna, bizi kalitate ona izatea da. Horregatik, besteak beste, espazio berdeak ugaritu, trafikoa herri gunetik atera edota etxebizitza hutsak bultzatzearen aldeko apustua egiten dugu.

Arau Subsidiarioen gaian, Arnasak informazio pribilegiatua izan duela egozten zaizue?
P.L.:
Ez du merezi erantzutea. Guk badakigu EAJ-PNVkoak oso minduta daudela, ez dute autokritikarik egin. Bere boterea galtzea leporatzen digute. Orain EAJ-PNV-k oposizioa egiten dio oposizioari, guri. Ziur aski, Mikel Izagirre eta EAJ-PNV-ren artean akordio batera ailegatu dira. Ados jarri ziren bozketa hau, eredu hau aurrera eramateko. Eta hori da indarrean dagoena. Gure kezka nagusia, lehengo garaietara bueltatuko garela da. Hori gertatzen bada, gu haien aurka egongo gara. Gure ustez, Urnietako herriari iritzia ematea ukatzen zaio. Orain arteko plana garatuko da, hiruzpalau berrikuntza txiki txertatuta. Hori guretzat ez da bidezkoa.

Herritarren parte hartzea bermatua izatea eskatzen duzue. Baina zuen ustez, alegazio asko aurkezteko aukerarik ez dago?
P.L.:
Jada badago dokumentu legal bat, ildo nagusiak zehazten dituena. Lehengo dokumentuak esaten zuenari aldaketa gutxi egin daitezke. Ia denon artean herritarren parte hartzea bultzatzen dugun. Jendeari iruditzen zaio, hirigintza gaian ez dela parte hartu behar. Denok parte hartu behar dugu. Aukera onak baliatzen jarraitzea eta puntu ahulak zuzentzea, horretan datza hirigintza. Baina gai hori politikarien eskuetan ezin da utzi. Bi alderdien artean ezin da gai hori aurrera atera.

Eta beraz, dokumentuko ildo nagusietatik ezin atera?
P.L.:
Bai. Plangintza gisa, oso kaskarra da lehengo dokumentua. Uste dugu, hasieratik hasi behar dela. Izan ere, udaletxean aurkeztu genuen duela asko, alderdiei zuzendutako eskaera ofizial bat. Bertan, prozesua hasieratik hastea, eta paraleloki Lurzoruaren Legeak zehazten duen bezala, parte hartzeko programa on bat garatzea eskatzen zen. Orain ikusten dugu, ez dela hori bermatzen. Ildo berdinetik jarraitu nahi dutela, bai EAJ-PNV-k, bai Mikel Izagirrek. Lehengo dokumentua aurrera atera nahi dute.

Eta onartuko da?
P.L.:
Akordio batera iritsi badira, eta haien artean ez bada kritikarik egiten, horrek esan nahi du aterako dela. Nahiko kezkagarria da. Duela zortzi hilabete, Mikel Izagirrek gauza ezberdinak defendatzen zituen. Ez muntaia hau. Gure ikuspegitik, egoera nahiko larria da.

Kezkatzeko moduko egoera horri aurre egiteko zuen plataformak zer nolako mekanismoak ditu?
P.L.:
Udaletxeak berak ez baditu parte hartzea bultzatzeko neurriak martxan jartzen, guri egokituko zaigu lan hori egitea. Gure asmoa, bildu eta programazio batekin hastea da. Ikusten dugu, udaletxe honi ez zaiola interesatzen parte hartze hori bultzatzea. Herri bilera, prentsaurrekoa egingo dugu. Hitzaldiekin hasiko gara. Gure baliabideak nahiko mugatuak dira, behar baino jende gutxiago gaude. Baina gure neurrian, hori guztia egiten saiatuko gara.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!