Arau Subsidiarioak: Arnasaren proposamena, zonaldez zonalde

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko mar. 5a, 18:00

Arnasa plataformak marraztua du etorkizuneko Urnieta. Alternatiba edo proposamen sorta bildua du, herriko gune ezberdinetarako. Eredu ezberdinak baita gune bakoitzerako ere. Esparru libre eta berdeak bermatu, eta azken finean, urnietarren bizi-kalitatea hobetzearen aldeko apustua egiten dute Arnasatik. Eta etxebizitza berrien kopurua kontrolatu eta etxebizitza hutsak bultzatzearen aldeko dira.

ERRATZU
Eremu horretarako bi eredu planteatzen ditu Arnasak. Batetik gunea bera berreskuratzea. Aipatzen dutenez, zonalde horretan zikinkeria asko pilatzen da. Horri konponbidea aurkitu asmoz, Arnasatik trenbidea igarotzen den eremua estaltzea proposatzen dute. Neurri horrekin zikinkeria pilatu ez eta inguru hura herritarren pasealeku bilakatzea edota urnietarrei kirol jarduerak burutzeko aukera eskaintzea nahiko lukete.

MILLUTS
Berreskuratu beharreko gunea den heinean, bertarako hiru eredu proposatu izan dituzte: nekazal ingurunea sortzea, eraikuntza publikoak hornitu eta haien kontsumoa bermatuko lukeen eguzki energia estazioa irekitzea eta azkenik, kutsakorrak izan ez eta jasangarriak diren jarduera ekonomikoak garatzeko zonaldea sortzea. Eredu bat edo bestea hautatzerakoan, beti, zonaldeak duen balio ekologikoa lehenetsi behar dela diote Arnasatik.

URKAINBERRI
Udalak hasieraz onartu duen dokumentuan industria pisutsua bertan kokatzearen aldeko apustua egiten da. Hori dela eta, Arnasatik triskantzatzat definitzen duten asmo horren ordez, parke teknologikoa bertan kokatzearen alde leudeke. Herritarren aisialdirako gunea proposa izan daiteke haien esanetan, baita adinekoen erresidentzia edota ikasleena bertan eraikitzeko ere.

ARANTZUBI-SALESIARRAK PARKEA
Alegazio eperako Udaletik aurkeztu den dokumentuan eraikitzea proposatzen diren 500 etxebizitzak direla eta, inguru horretarako zonalde berde baten beharra ikusten dute Arnasakoek. Zonalde berde hori ez dute gune itxi bezala definitzen. Alderantziz, Trankatx aldera lotura berde bat eraikitzea planteatzen dute herri plataformakoek. Eta azken batean, “eraztun berde” bat sortu herri kaxkoaren inguruan.

ALLAFLOR-ARIZMENDI INGURUA
Zonalde horretan bizi diren herritarrak, aspalditik etxe ondotik igaroko zaien autobideari begira bizi dira. Errepide berri horrek ingurunean eragin dezakeen inpaktua eta kutsadura murriztu nahian, bi tunel eraikitzea proposatzen dute Arnasatik. Hartara, errepidea estalita geratuko litzateke eta haren gainaldea paseorako baliatu liteke.

IDIAZABAL KALEKO TRAFIKOA
Idiazabal kalea ezaguna da, herriko zonalde biziena baita; saltoki eta zerbitzu guneei begira, herritarren mugimendua kontuan hartuta, baina baita bertako errepidetik egunero igarotzen diren kamioi eta autoen joan etorriak direla eta. Ondorioz, bertan bizi direnek trafikoak eragindako zarata edota usaina sufritu behar dute. Horregatik, trafikoa kale horretatik atera eta desbideratzea planteatzen du Arnasak. Idiazabal kalea, Urnietako bulebarrean bilakatu nahi lukete.

EGAPE IKASTOLAKO ERAIKIN BERRIA
Estrategikotzat jotzen dute Egapeko Bigarren Hezkuntzako eraikin berria. Gogorarazten dutenez, udalbatzak hasieraz onartu duen dokumentu horrekin legalki garatu daitekeen proiektua da. Aspalditik zeresana eman duen gaia da, eta Arau Subsidiarioak onartzea bete beharreko baldintza, eraikin berria errealitatean bilakatzeko. Bertako lur sailekin sor daitezkeen arazo posibleen aurrean, Udalak interes pribatuaren aurrean, herritar guztiena lehenetsi dezala eskatzen du Arnasak. Eta egungo Biteri-Azkorte eskola zerbitzu publikoetarako baliatzea; hala nola, herritarrek bilkurak egiteko.

TRANKATX
Arantzubitik paseatzeko bide bat, bide berde bat egitea proposatzen du Arnasak, trenbide ondoko pasabidea baliatuta. Beharrezkotzat jotzen dute Trankatxen parke bat egitea. Trankatx erreka, beste batzuekin batera, gaur egun estalita dago neurri handi batean. Arnasatik erreka horiek berreskuratu nahi dituzte. Horretarako, errekak zabaldu, inguratzen dituzten haitzak kendu eta errekek bere bide naturala egitea ahalbidetu nahi dute.

ALDAPETA KALEA
Idiazabal kalea eta San Juan plaza lotzen dituen aldapa, eragozpen fisikoa da askorentzat. Kontuan hartu, Udala, Lekaio edota Sarobe bezalako eraikin publikoak herri kaxkoaren zonalderik garaienean daude. Bertara igotzea errazteko eta inguruko zenbait herritan martxan diren ereduei jarraiki, igogailua jartzea proposatzen du Arnasak.

KIROLDEGIA
Egungo eraikinak gabeziak dituela argi uzten dute. Besteak beste, igerileku estaliak eraikitzea proposatzen dute. Udan kendu eta negu partean jar daitekeen estalki batekin. Tenis pistak dauden gunean kokatzea aurreikusten duten aukeretako bat da, nahiz eta jakin aipatu guneak duen erabilpenagatik, beste nonbait eraiki beharko liratekeela. Baina edozein aldaketa plantetatu aurretik, kiroldegiko langileak kontuan hartzea ezinbestekotzat jotzen dute.








AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!