Arau Subsidiarioak: Urnieta herria etorkizunari begira

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko mar. 5a, 17:59

Duela bi aste, Arau Subsidiarioen dokumentuari alegazioak aurkezteko epe berri bat zabaltzea erabaki zuen Urnietako udalbatzak gehiengoz. ipuzkoako Aldizkari Ofizialean iragartzen hasi ostetik maiatzaren 2ra arte izango dute horretarako aukera, herritarrek edota elkarteek.

Irakur: Arnasaren proposamena | Irakur: Peio Lozanori elkarrizketa

Arau Subsidiarioek etorkizuneko Urnieta nolakoa izan behar duen irudikatzen laguntzen dute. Horiek onartzea ezinbestekoa da, aurrera begira herrian plantea daitezkeen hirigintza alorreko hainbat proiektu gauzatzeko bidea irekitzen baitute. Udalak dokumentua hasieraz onartzen duenean, jendaurrean erakusgai jarri eta alegazioetarako epea zabaltzen da. Tarte hori igarota, aurkeztutako alegazioak aztertzen dira eta dokumentuan txertatu edo ez erabaki.
Araudia jasotzen duen dokumentua behin betiko onartzen denean, okerrik ez bada, pixkanaka, arau horiek proiektuetan aplikatzen hasi, eta honenbestez, herrian planteatzen diren etxebizitza, parke eta bestelakoak errealitate bihurtzen dira. Onartuta daudenak agortu eta berriak egiteko beharra izan arte.
Gorabeherak gorabehera, hori litzateke modu orokorrean Arau Subsidiarioek egin ohi duten bidea. Urnietan, momentu honetan, Udalak hasieraz onartu eta aurkeztu duen dokumentuari alegazioetarako epea ireki berri zaio. Maiatzaren 2ra arte, herritarrek edota elkarteek, plenoak duela bi aste gehiengoz behin behinerako onartu duen dokumentuari alegazioak jartzeko aukera izango dute.

ARNASAREN PROPOSAMENA
Udalbatzak hasieraz onartu duen dokumentuaren aurrean, bestelako proposamenak egin ahal izango dira. Alternatibak planteatzeko tartea dago beraz. Hor dago adibidez, orain artean Arnasa plataformakoak lantzen aritu diren bestelako proposamenak.
Aurkeztu den dokumentua, aurreko legegintzalditik datorrena da. Badira Arau Subsidiarioak onartu zain zeuden eta zeresan handia eman duten zenbait proiektu; hala nola, Egape ikastolako Bigarren Hezkuntzako eraikina, Idiazabal kaleko trafikoaren desbideratzea, plantea daitezkeen etxebizitzak eraikitzeko proiektuak…Maiatzaren 2tik aurrera jasotako alegazioak aztertu eta jada aurkeztu den dokumentuan txertatu edo ez erabaki beharko dute teknikariek. Giltzarria izango da beraz, batetik, herritarrek hilabete hauetan izan dezaketen parte hartze maila eta hortik egindako ekarpenak, gero, kontuan zenbaiteraino hartzen diren. Behin betiko onarpena emanda, dokumentuan aipatzen diren hainbat proiektu egingarriak izateko urrats garrantzitsua emana izango da. Arau Subsidiarioek herriaren etorkizuna baldintzatuko dutenez, gaia beraz, ezin garrantzitsuagoa da.

INFORMAZIORAKO TARTEA
Gaiari buruz herritarrei ahalik eta informazio gehiena eskaintzeko asmoa agertu zen azken ezohiko udalbatza saioan. Besteak beste, informazio liburuxkak banatzekoak dira herritarren artean. Hasieraz onartu den Arau Subsidiarioen dokumentua ere erakusgai jartzeko asmoa dute.
Arnasa herri plataformatik ere gaiari buruzko hitzaldiak edo bilkura informatiboak iragarri dituzte datozen asteetarako.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!