M9: aiurri.com guneak unean uneko emaitzak eskainiko ditu

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko mar. 5a, 17:54

Aiurri astekariaren www.aiurri.com gune elektronikoan unean uneko emaitzak eskainiko dira. Gau horretan bertan, eskuorria banatuko da Aiztondon. Biharamunean, Aiurriko erredakzio batzordeak informazio hori guztia eskuorri baten bidez banatuko du, Andoaingo eta Urnietako kioskoetan nahiz saltokietan.

Aiurrik, beraz, eskualdeko emaitzak ahalik eta azkarren ezagutzeko aukera eskainiko du. Okerrik ez bada, 21:30etik aurrera aiurri.com edizio elektronikoan agertzen hasiko dira Urnietako eta Andoaingo emaitzak, baita Beterri-Aiztondo eskualdekoak ere bai. Egia da hauteskunde hauek interes gutxi sortu dutela Andoaingo eta Urnietako biztanleen artean. Nolanahi ere, nork jaso dituen boto gehien jakiteko besterik ez bada, interesa piztuko da igande gauean. Beraz, horretarako besterik ez bada Aiurrik eskuragarri ipiniko ditu Hauteskunde Orokorretako emaitzak.

Aurrez jakina den bezala jeltzaleak, sozialistak eta ezker abertzalea nagusi izango dira Urnietan eta Andoainen. Ikustear dagoena da zein ordenean. Ezker abertzalea legez kanpo utzi badute ere, lortuko duen babesa neurtzeko abstentzioari erreparatu beharko zaio, eta ez baliogabetutako boto kopuruei. EA, IU edota Aralar alderdien babesa neurtzeko ere baliagarri izango da.

ZALANTZA GUTXI IGANDERAKO

Zaharrak berri estatu mailako Kongresurako eta Senaturako hautagaiak aukeratzeko garaian.Orain lau urte bezala, kanpaina interes gutxi pizten ari da eskualdean.

Herriotan politikoen agerraldi nabarmenik izan ez delako, ziurrenik. Rajoy-Zapatero lehiak zeresana eman du soilik, eta arrazoia agerikoa da: masa hedabideen eraginkortasuna saihestezina da.
Oro har, kanpainarekiko urrun sentitzen da herritar asko. Erabaki ahalmena duen instituzioa geroz eta urrunago egon, orduan eta interes gutxiago. Ezagutza interes ezaren parekoa izango da, ziurrenik. Kalean ikerketa soziologikoa egingo balitz, inork gutxik asmatuko luke alderdi bakoitzeko Gipuzkoako zerrendaburuaren izen abizenak esaten. Hori Kongresurako hautagaien kasuan. Senatuko hautagaien izenean nabarmenagoa litzateke ezagutza eza. Horregatik guztiagatik 2004an abstentzioa %30 izan zen. Oraingo honetan, abstentzioaren kopurua nabarmen igoko da beste arrazoi batzuk direla medio.

OHIKO ABSTENTZIOA ETA ABSTENTZIO AKTIBOA
Ezker abertzaleak hartu duen erabakiarekin, soziologoek abstentzioa bi norabidetan interpretatu beharko dute. Batetik, ohiko abstentzioa izango da, hauteskundeekiko interes eza duen herritar taldearena. Bestetik, abstentzio “aktiboa” izango da, ANV eta Batasuna inguruko ezkertiarrek eta abertzaleek sustatuta datorrena. Atzera eginez, 2004ko datuei erreparatuta ezker abertzalearen botoak baliogabeen artean aurkitu behar ziren.

GIPUZKOA ETA EUSKAL AUTONOMI ERKIDEGOA
Ez dirudi tokiko emaitzak  asko aldatuko direnik. Aiztondon jeltzaleak eta ezker abertzalea nagusi ziren lehen eta orain. Andoainen, bi alderdi hauei sozialistak gehitu behar. Zaharrak berri, beraz, datorren igandeko hauteskundeei dagokionez.
Gipuzkoan eta Euskal Autonomi Erkidegoan EAJ eta PSE-EE alderdiek ordezkaritza izango dutela ziurra da. EArena azken ordura arte kili-kolo ibiliko da eta Aralar edota EB alderdien kasuan, ordezkaritza eskuratzeak zailagoa dirudi. Igande gauean argituko dira hauteskunde hauetan sortu diren zalantza gutxi horiek. Estatu mailan sozialistak garaile izango direla ziurtzat ematen da. Baina, esandakoa, igande gauean argituko da. Ez baita ahaztu behar orain lau urte Espainiako gizarteak emandako lezioa: Hauteskunde egunaren atarian Madrilgo atentatuen aurrean izandako jokabidearengatik PP alderdia  hautesontzietan zigortu zuen. Popularren garaipen garbia egun batetik bestera irauli eta porrot ikaragarri bilakatu zen.
Orain lau urte izandako Hauteskunde Orokorretan PSOEk irabazi baino, PPk galdu zituen hauteskundeak. Ikusi egin behar igandean nork irabazten duen. Edo nork galtzen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!