Aralar aldera, Sagainen hurrengoa

Hiru hilabete dira Sagain mendi elkartea sortu zela eta dagoeneko hainbat irteera antolatu dute. Otsailean Pirinioetan izan ziren eta martxorako Aralar inguruan ibiltzeko irteera antolatu dute.

Pasa den otsailaren 23 eta 24an Luz d’Ardiden inguruan ibili ziren asteasuarrak. “Larunbat gauean hogeita hamabost bat pertsona bildu ginen. Oso aterpetxe erosoa zen, gustura egoteko modukoa. Igandean, eskiatzera abiatu ginen, batzuk alpino eta besteak iraupen eskia, gustuaren arabera. Elur askorik egin ez badu ere, oso ondo mantendu da”, azaldu du Jonek.


Esan beharra dago gazte eta helduentzako moduko irteerak antolatzen dituztela. “Sagain mendi elkartea egonkortasun bokazioarekin jaio zen. Urtean zehar mendi eta natura inguruan ekintza ezberdinak egiteko asmoarekin. Gazte eta helduei aukera hori eskaini nahi die taldeak”, azaldu du Taldeko kide Jon Lizarribarrek. Baztanera egindako irteeran, esaterako, bi ibilbide ezberdin antolatu zituzten. Helduek, Otsondo mendate ingurutik hasi eta bost ordu inguruko ibilbidea egin zuten, haurrek berriz, Xorroxin urjauzia bisitatzeko baliatu zuten irteera.


Urtarrilaren 27ko irteera horretan parte hartu zutenak oso gustura itzuli ziren: “Besteak beste, Aritzakun bezalako leku paregabeak ikusteko aukera izan genuen. Badirudi leku horietan ez dela historiaren erlojua pasa eta urte askotan ukitu ez diren bide, bailara, eta etxe zaharrak ikusi genituen”, gaineratu du Jonek.
Elkartearen lehendabiziko irteera Zarautz eta Zumaia arteko ibilbidea izan zen, iazko abenduan. Haur eta heldu, jende ugari animatu zen eta horrrela izan da geroztik egin dituzten ibilaldi guztietan ere. Urtarrilean, esaterako, Baztan aldera abiatu zen berrogei bat asteasuar.

Martxoan, Aralarrera
Datorren martxoaren 16rako antolatu dute hurrengo irteera. Larraitzen hasi eta Aralar zeharkatu ondoren, Igaratzara joan eta Guardetxean amaituko dute ibilaldia. Haurrak, berriz, autobusez joango dira Guardetxera eta handik, Igaratzara joango dira Pagomarin barrena. Eguerdian, inguruko herriren batean egingo dute geldialdia, denok elkarrekin bazkaltzeko.


Goizeko 08:00etan abiatuko da autobusa Asteasuko plazatik eta izena emateko, Asteasuko kiroldegira deitu beharko da: 943 693 400. Sagain mendi elkarteak webgune berria jarri du martxan:  www.sagain.es. Helbide horretan orain arteko irteeratan ateratako argazkiak eta hainbat informazio aurki daiteke. Aiurriko webgunean ere ikusgai daude hainbat irteeratan ateratako irudiak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!