Adunagerre baserriaren ondotik igaroko da Abiadura Handiko Trena

Abiadura Handiko Trenak gure eskualdeko hainbat txoko zeharkatuko ditu. Adunako Adunagerre baserritik hirurehun metrora pasako da trena. Nahiz eta baserriaren lurrik ez duen zeharkatuko, inguruan izango duen eraginaz arduratuta daude bertako kideak.

Informazio faltagatik haserre dago Adunagerreko Iker Iturriotz: “Ez digute informaziorik ematen. Udalak ere ez du trenaren inguruko informazio zehatzik eta interesa duenak, ahal duen moduan lortu behar du informazioa. Trenaren ibilbidea Aiurri aldizkariak atera zuen apartekoan ikusi genuen. Horrez gain, ez dakigu lanek zein eragin izango duten. Tunelak egiteak lur mugimendu handiak ekarriko ditu eta ez dakigu zein irtenbide emango zaien lur horiei edo nondik barrena aterako dituzten. Inguru honetan harrobiak egingo direla ere esaten du jendeak, baina ez dakigu ezer zehatzik. Ez dakigu lanak noiz hasiko diren ere”. Adunagerre bi etxebizitzako baserria da eta Izagirre ere inguru berean dago, nahiz eta momentuz ez den inor bertan bizi, eragin handia izango du trenak.

Soinu handia
Etxetik hirurehun bat metrora pasako zaie Abiadura Handiko Trena. “Tunel baten irteera, zubia, eta beste tunel baten sarrera izango dira gure etxe inguruan eta esan digutenez, trenak hots handia aterako du. Tunelen irteeretan eta sarreretan soinu handia egiten omen du eta gure etxe ondoan bi izango dira”, azaldu du Ikerrek.


Adunako beste baserri edo txokotan izango duen eraginaren inguruan ere ez dute berri zehatzik: “Dirudienez Adunan hiru proposamen daude trenaren ibilbiderako, baina oraindik ez dago guztiz zehaztua nondik pasako den. Hiru horietako edozein izanda ere, gure etxe ondotik berdin pasako litzake”.


Trenbidea egiteko lanak noiz hasiko diren ez dakite Adunagerreko kideek, baina dagoeneko mugimendua sumatu dute inguruan: “Duela bi edo hiru urte sondeo batzuk egin zituzten etxe inguruan, baina geroztik ez dugu beste ezer sumatu”.

Helegiteak
“Informazio ezak helegitea jartzeko aukerak murrizten dizkigu. Ez dakigu zenbat eragingo dion etxeari, horregatik, zailagoa da helegitea jartzea. Horrez gain, esan beharra dago, inoiz ez dugula jakin helegiteak aurkezteko eperik zabaldu dutenik ere”, dio Ikerrek.
Abiadura Handiko Trenaren inguruan duen iritzia azaldu du Iker Iturriotzek: “Herri txikietan eragingo du kalte handiena eta ez du onurarik ekarriko. Herri txikietako biztanleek oso gutxi erabiliko dute trena. Beraz, kalte handiak eta onura txikiak izango direla iruditzen zait”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!