Emakume baserritarra, langilea

1943 urtean, Zizurkil Goiko Ugarte baserrian jaio zen Maria Dolores Eizmendi. 23 urte zituela, Andrezketa baserrira ezkondu zen. Baserrian nahiz kanpoan lan asko egindako emakumea da. Aurtengo txapela jasoko du martxoaren 8an.

Txiki-txikitatik ezagutu du Maria Doloresek baserriko lana, “mendian ibiltzen ginen asko, behientzat janaria biltzen. Animaliekin ere denbora asko igarotzen genuen, zaintzen edo esnea jezten... Beti izan dugu baratzea, kanporako ez, etxerako adina”. Hogei urte zituela, Donostiara joan zen, neskame. “Koruko klinikan sukaldari lanetan aritzea egokitu zitzaidan. Joan nintzenean, ez nekien nora nindoan ere. Sorpresa galanta hartu nuen, sukaldari laguntzaile izango nintzela esan zidaten arren, arduraduna bazihoanez, haren lekuan jarri baininduten. Ez zen leku handia baina, lan asko egin genuen. Hirurogei lagun inguru bilduko zen han. Zazpi langile aritzen ginen guztira lanean. Sukaldari laguntzaile bat nuen”.

Ordurako ikasia zuen Maria Doloresek sukaldeko lanetan etxean, “baina oso ezberdina zen Donostiakoa. Partikularren bazkariak eta han zeudenenak ez ziren berdinak izaten. Lehen hilabetea gogorra egin zitzaidan baina martxa hartu nuen gero. Denborarekin, asko ikasi nuen. Aurrera atera nintzen. Askotan esaten dut saiatu egin behar dela. Gogoa izanez gero, besteek egiten dituzten gauzak egiteko gai edonor dela”. Ezkondu arte aritu zen lanean Donostian. Garai hartan ohikoa zenez, interna egon zen, “jaiak hamabost egun izaten zirela esango nuke, ez dut uste hilabetera iristen zirenik. Aldaketa handia izan zen arren, ohitu egin nintzen”.

Baserriko bizimodua
Ezkondu eta gero, Andrezketa baserrian kokatu zen. Baserriko eta kanpoko lanetan jarraitu zuen. Lau seme-alaba izan zituzten. Lan faltarik batere ez, beraz. Egun, baserriko lana galtzen ari dela uste du, “gaur baserriak aurrera egingo badu, enpresa bat jarri beharra dago. Bestela ez dago aterabiderik”.
Baserriko bizimodua zaila baina, era berean, polita dela dio Maria Doloresek, “oso ezberdina da baserriko eta kaleko bizimodua. Kalera joaten naizenean aspertu egiten naiz. Hemen beti izaten dut zeregina, baita lasaitasuna ere”. Baratzea nahiz animaliez gain, urte luzetan esnea banatu dute kanporako. “Esnezale bati saltzen genion esnea, hark kanpoan bana zezan. Orain bi urte utzi genituen esnetarako behiak, lana handia baitzen. Lasaiago bizi gara orain”. Behiak utzi arren, senarrarekin batera, lanean jarraitzen du baserrian.

Baratzea dute, “batere botikarik gabe, natural-natural jasotzen ditugu barazkiak”. Larrea txukun mantentzeko behiak ere badituzte, baita ardiak nahiz oiloak ere. Etxean egiten dute gazta eta, besteak beste, baita ogi goxo-goxoa ere, sukaldeko ekonomikako labean. Babarrun elkarteko kide ere badira senarra eta biak. “Behiak utzi eta gero, afizio moduan, Babarrun elkartean sartu ginen. 240 kilo inguru babarrun jaso genuen iaz. Joan zen azaroan hirugarren saria eman ziguten Tolosako babarrun sariketan”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!