Paris hiriburuan barrena korrika

Sei zizurkildar eta hiru villabonatarrek Parisko erdi-maratoian parte hartu zuten joan zen asteburuan. Mikel Altuna eta Oier Ibarbiak eman dituzte azalpenak.

Nondik sortu zitzaizuen Parisko erdi-maratoian parte hartzeko ideia?
Mikel Altuna: Parisen izan garenetako batzuk, joan zen urrian, Donibane Lohitzunetik Hondarribira egiten den maratoi erdian hartu genuen parte. Haietako batzuk, azaroan, baita Behobia-Donostian ere. Gerora, Parisera joateko ideia sortu zen eta batari eta besteari esanaz, hamaika lagun elkartu ginen. Bi lesionatuta zeudenez, bederatzik hartu genuen parte azkenean.

Zer nolako esperientzia izan da Pariskoa?
M.A.: Oso ona. Ondo pasa dugu.
Oier Ibarbia: Bai, ederki. Denak ezagunak ginen baina, ez ginen sekula karrera baten inguruan bildu. Herriko jaietan eta elkartzen gara eta, beste era batera, harremanari eusteko modua izan da.

Zein asmorekin hartu duzue parte proban?
O.I.: Maiatzaren bukaerarako, Aizkorriko mendi maratoia prestatzen ari naiz ni. Urte hasieran, hilabete inguru geldirik egon naiz, deskantsatzen. Orain berriro hasi naiz entrenamenduekin, suabe-suabe, pixkanaka igotzen joateko.
M.A.: Pariskoa,  elkartu, kanpora atera, kirol pixka bat egin eta ondo pasatzeko aitzakia izan da. Zerbait ezberdina egiteko aukera. Igandeko probaren aurretik, larunbatean turismo pixka bat egin genuen.
O.I.: Bai, gehiago nekatu ginen larunbatean igandean baino. Izugarrizko buelta egin genuen Parisko kaleetan zehar.

Zer moduzkoa zen lasterketako ibilbidea?
M.A.: Zirkuitua urbanoa zen baina, oso polita. Chateau Vinncens-en hasi ginen eta Bastilla, udaletxea nahiz San Michel igaro genituen, besteak beste. Kanpoaldetik erdigunera sartu ginen. Ibilbidea laua zen, erraza. Eta giroa oso alaia: bi edo hiru kilometroz behin, musika emanaldiren bat zegoen: batukada gune batean, txaranga bestean… Ikusle asko zegoen korrikalariak ikusten, baina hori bai, hemen baino hotzagoak ziren animatzeko garaian.
O.I.: Seguruenik aurrekoak, eliteko korrikalariak, gehiago animatuko zituzten. Punta-puntan ibiltzen diren keniar mordoa atera zen. Hemen lasterketa popularretan asko animatzen da jendea. Esaterako, Behobia boom-a da. Baina Zumaia edo beste herriren bateko lasterketetan, aurrekoak animatzen dira gehien eta atzekoak gutxiago. Parisen jende asko zegoen ikusle gisa, baita parte hartzen ere: 20.000 pertsona inguru.

Zer iruditu zitzaizuen antolakuntza?
O.I.: Lasterketa oso ondo antolatuta zegoen. Bai aurreko egunean, dortsalak jasotzeko garaian eta baita egunean bertan ere; karreraren aurretik nahiz ondoren.

Zein asmo duzue aurrera begira?
M.A.: Berriz ere proba gehiagotan parte hartzeko asmoa badut. Denborarekin ikusiko dut zeinetan. Eta hurrengo urterako, ea beste horrelako irteeraren bat prestatzen dugun. Hala ere hurrengoan, lehenengo karrera eta gero parranda egin behar dugu. Pena bakarra, asteburua motz geratu izana. Hurrengo urtean, Liverpoolgo erdi maratoia izan daiteke aukera. Ea jende gehiago animatzen garen.
O.I.: Aurrez hegaldia hartuta, modu onean ateratzen da gainera.
Azken boladan, jende asko ikusten da korrika. Lehen baino proba gehiago al dago egun?
O.I.: Martxoaren erdi edo bukaera aldera hasten dira probarik gehienak. Hortik aurrera, ekaina bitarte, astebururo izaten da zerbait. Orain, mendi lasterketa gehiago dagoenez, jendeak jarraitu egiten du entrenatzen.
M.A.: Aurten 14 orduak eta Hiru handiak mendi ibilaldiak egokitzen direnez, horrek ere eragina izango du.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!