Konpartsa herrikoia, aurten bai

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko mar. 4a, 17:39

Joan zen otsailaren 25ean bilera deitu zuen Oinkari dantza taldeak, aurtengo Santio jaiei begira, berriz ere konpartsa herrikoia antolatzeko.

Jende ugari gerturatu zen bilerara. Esan daiteke herritarrak berriro konpartsa antolatzeko gogoz daudela, beraz. Hainbat gai proposatu zen bilkuran, horien artean, Inude eta artzainen inguruko konpartsa egitea, antolatzaileek azaldu zutenez, “konpartsa alai eta polita delako eta aurretik egina denez, antolatzeko zailtasun gutxiago emango duelako”. Lehen txanda hartan bezalaxe, lau sail izango lituzke: dantzariak, pertsonaiak, danbor-joleak eta musikariak. Bestalde, orain arteko ohitura aldatuz, Santa Ana egunean beharrean, konpartsa uztailaren 27an izatea proposatu zen, igandez. Bertaratutako inork ez zuen eragozpenik jarri eta ondorioz, bide horri eustea erabaki zen. Izan ere, dantza taldeak azken bi urteetan martxan jarritako Euskal jaiari ere eutsi egin nahi baitio larunbat arratsalde-gauean. Oinkari dantza taldeko arduradun Eneko Arteagak konpartsarekin ahalik eta jende gehien biltzera iritsi nahi dutela esan zuen, “konpartsaren alderdirik nabarmenena adin eta kolore ezberdinetako pertsonak biltzea da”. Antolaketa lanak Oinkariko dantzarien eta parte hartzaileen artean banatu nahi dituzte, lan talde ezberdinak osatuz.


Inudeak eta artzainak
Lehen aldiz, duela hamabost urte antolatu zen konpartsa herrikoia Inude eta artzainena izan zen. Geroztik, beste hainbat gairen inguruan antolatu da festa egun alai hori. Besteak beste, Erroskilaren konpartsa, Sorgin dantza, Antzinako euskal ezkontza, Euskal jaia… Duela bost urte izan zen azkena: orduko hartan, Lapurdiko dantzak hartu ziren oinarrian. Oro har, Sorgin dantzaren kasua kenduta, eguneko konpartsak izan dira guztiak eta aurtengoa ere halaxe izango da. Goizean kalejiran aterako dira herrian zehar, eguerdian bazkaria izango dute Txermingo ikastola azpian eta arratsaldeko 18:00etan, emanaldia eskainiko dute Errebote plazan. Ondoren, ondorengoak.

Izen-ematea zabalik
Dantzari, pertsonaia nahiz danbor-jole moduan konpartsan parte hartu nahi duten herritarrei, izena emateko epea zabalik dagoela jakinarazi nahi diete antolatzaileek.
Txermin ikastolako ganbaran: Asteartea, 20:30-22:30.
Ostirala, 18:30-22:30.
Beste bi bideak:
@: harremanak@oinkari.net
Tel.: 660 139 380.

Entseguak
Dantzan atera nahi dutenek, 1993 urtean edo aurretik jaiotakoak izan beharko dute. 15 urte, horixe dantzarien adin muga. Entseguak Aste Santuko oporrak eta gero hasiko dira, martxoaren 31n. Astelehenetan izango dira, iluntzeko 20:30etatik 21:30etara, Txermingo ikastolako ganbaran.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!