Berdintasunaren alde

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko mar. 4a, 17:38

Otsailaren 29an, martxoaren 8rako Udaleko Ongizate eta Emakumearen batzordeak prestatu duen egitarauaren berri eman zen Villabonako udaletxean. Hainbat emakumek sortu berri duten Hutsuneak betez taldea ere aurkeztu zen.

Josune Arretxe Gizarte zerbitzuetako zinegotziak, Mentxu Julian Gizarte zerbitzuetako teknikariak eta Hutsuneak betez taldeko partaideek hartu zuten parte prentsaurrekoan. Arretxek adierazi zuenez, “martxoaren 8an Villabonan zer edo zer antolatzeko asmotan bildu ginen. Orain arte herrian ez da egun hori gehiegi azpimarratu baina, bere garrantzia baduela uste dugu eta berdintasunik ez dagoen bitartean, egun horretan ekintzak antolatzen jarraituko dugu”.


Ekintza horiek antolatzen hasi zirenean sortu zen Hutsuneak betez taldea, “sorpresa izan zen, modu inprobisatuan sortu baitzen”.

Taldearen sorrera
Hutsuneak betez taldea, Udalak 2007ko ekintzen artean antolatu zuen tailer baten ondorioz sortu zen. “Emakumeoi zuzendutako tailer horretan, herriko hogei bat emakume hasi ginen biltzen, Pepa Bojok eskaini zuen ikastaroa”. Pixkanaka, talde heterogeneoa osatu zen eta Peparen laguntzaz, emakumearen egungo egoeraz gehiago jakin zuten. Kontzientzia esnatze horrek motibatuta, eta batak bestearengandik ikasteko, bi helburu argirekin osatu zuten taldea. “Batetik, egungo gizartean emakumearen gabezien inguruan hausnarketa egin eta hori aldarrikatzea, kontuan izanik, erasoek kanpoko albiste izateaz utzi eta orain herrian bertan direla. Bestetik, errespetuan oinarritutako gune bat mantentzea, herriko emakumeon, Udalaren, Pepa Bojoren eta beste hainbat emakumerekin elkarlanean”. Oraindik formalki elkarte modura antolatu ez badira ere, martxoaren 8ko Emakumearen Nazioarteko eguna ospatzeko, Udalaren laguntzarekin antolatu diren ekintzak hartu nahi dituzte talde bezala ezagutarazteko abiapuntu.

Aurkezpena herrian
“Egun horretan, villabonatarren aurrean aurkeztu eta bide batez, Ez beldur gehiago, ez eraso gehiago, bai eskubideei, bai askatasunari, bai soldata justu bati lelopean egingo den kontzentrazioan parte hartzeko deia luzatu nahi dugu”. Proiektua aurrera eramateko, laguntza eskatu zuten, “izan ere, guretzat oso proiektu positiboa da eta beste askorentzat ere hala izan daitekeela pentsatzen dugu”.

Martxoak 8ko ekitaldiak Amasa-Villabonan
Emakume Langileen Nazioarteko Egunaren baitan, hainbat ekintza antolatu da: Eguerdiko 12:00etan elkarretaratzea izango da Errebote plazan. Ondoren, trikitixak alaiturik, triki-poteoa herriko kaleetan zehar. 14:00etan bazkaria antolatu dute Loatzo musika
eskolako gela nagusian eta bukatzeko, dantzaldia izango da.
Bazkarirako txartelak salgai daude Larrea, Amasa eta Kixubi okindegietan eta Iratzar elkartean. Amasan, Iturrigoxo jatetxean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!