Andoaingo 36ko biktimen lekukotza antzerkira eramango dute

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko mar. 4a, 17:35

Lasarteko antzerki talde batek 36ko Gerra Zibilaren gaia antzeztokira eraman nahi du. Gidoia lantzeko garaian, frankismoak Andoainen eragindako biktimeen inguruko gertakizunetan oinarritu da.

Pertsona errealak eta horiek benetan bizitutako pasadizoak hautatu ditu, guztiak baturik garai hartako gerra gaiztoaren erretratu aski errealista osatzeko. Apaingarri askorik gabe, ahalik eta modurik zuzenenean, izen abizeneko gizon emakumeen bizipen tragikoak islatzea da taldearen helburu nagusia. Horrela, bada, gerra era anitzez bizitu zuten hainbat andoaindar agertzen da, esan bezala, antzezlanean zehar. Esate batera, herritik ihesi joan behar izan zuen Zuñiga familia, frontean hildako Jose Inazio Etxeberria bertsolaria, exiliotik itzultzean herrikideek irainka hartu zuten Oiartzabal-Zelarain familia, kartzelan hiru urte egindako Rita Iparragirre, ile mozketa jasandako Clarita Oiartzabal... Ikuslearen bihotza ukitzeko moduko eszena ugari doaz desfilatzen bata bestearen atzetik; baina beharbada hunkigarriena, fusilaketen unea izan daiteke: Patxi Fernandez eta Sekundino Anton presoek euren emazte Pantxika Izagirre eta Juana Alberrori azken gutunak idazten dizkiotenean, alegia. Baina dena ez da tristura eta bortxa. Antzezlanak badu alde umoretsurik, herriko Margaritak kalean zehar desfilatzen dutenean, adibidez. Baita maitasunezko istoriorik, frontean ezagutu ziren Jabier Etxaniz eta Rita Iparragirre protagonista dituena.

Joxerra Fatxadoren zuzendaritzapean
Lasarte eta Andoaingo herritarrez osatzen den talde amateurra orain hilabete batzuk hasi zen entsaiatzeko biltzen,  asteartero, goizean haurrak eskoletara eraman ondoren, Manuel Lekuona Kultura Etxeko antzokian. Hantxe, taula gaineko zaletasunari ekiten diote, Joxerra Fatxadoren zuzendaritzapean. Ikasturte amaiera aldera, urtero antzezlan bat estreinatzeko ohitura hartu zuten orain urte batzuk, eta horri eusten diote izugarrizko borondatez. Ez dira antzezle profesionalak, baina hala balira bezala murgiltzen dira interpretazio lanetan.


Ia urte osoa antzezlan baten inguruan entsaiatzen ibiltze hutsa gozamen iturri da eurentzat . Hala ere, aitortu dutenez, aurtengoa barru-barruraino sartu zaie. Arrazoiak badituzte horretarako, egia esanda: benetan gertatutako bizipen pertsonalak dituzte antzezgai; taldeko bi antzezle taularatuko diren pertsonaien familiarrak dira; gainerako antzezleek, nahiz eta ez izan halako harreman zuzenik, badituzte antzeko trantzeak bizitu zituzten guraso eta aiton-amonak... Alde horretatik, beraz, ez da harritzekoa antzezle horiek adierazi dutena:  sentimendu ugari pizten ari zaizkiela gustuko duten zaletasuna jorratzeko orduan, alegia.


Antzerki emanaldia soilik Lasarten egitea pentsatuta zeukan taldeak, baina Andoaingo 36ko biktimen alde diharduen Oroituz Andoainen taldeak eskatuta, Andoaingo Basterora ere joatekoak dira. Hori maiatza aldera izango da. Egundoko ilusioa egiten die antzezlana historikoki kokatzen den toki berean jokatzea. Egia esanda, ilusioa bezainbat erantzukizuna, izan ere ikusleen artean, 36ko biktimen edo horien familiarrak egongo baitira ziur asko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!