Villabonakoa zara izatez eta Irurako Kilometroak ekimeneko koordinatzaile nagusi zara. Nola iritsi zara postu horretara?
Joxe Mendizabal. Ibarran jaio nintzen eta Villabonan bizi izan naiz urte askotan. Lagun ugari dut han eta villabonartzat daukat nire burua. Orain ordea, Iruran bizi naiz. Duela urtebete inguru jakin nuen Kilometroak Iruran egitekoa zela eta 2007ko irailean ikuskizunetako batzordean aurkeztu nuen nire burua, lanerako prest. Mundu hori ezaguna zait eta horregatik hartu nuen erabakia. Lanean hasi eta astebetera koordinatzaile postua eskaini zidaten. Postu hori beteko zuen norbaiten bila zebiltzan eta, niretzat ere, lan horretarako momentu ona zen. Jende gutxi gara, norbaitek egin beharreko lana zen eta aurrera egitea erabaki nuen.
Zerk bultzatu zintuen proposamenari baiezkoa esatera?
J.M. Musikaria naiz eta nire lanbideagatik beti saltsa ezberdinetan sartuta ibiltzen naiz. Azken finean hau beste saltsa bat zen eta gustuko dut hori; saltsero xamarra naizela esan daiteke. Gainera, momentu onean egokitu zait. Duela urtebete aukera hau sortu balitz, ziurrenik ezin izango niokeen aurre egin lan kontuengatik.
Zein lan eskatzen du horrelako ekintza erraldoi bateko koordinatzaile izateak?
J.M. Ez dakit kanpotik ikusita nabaritzen den zenbateko lana dakarren. Kilometroak dagoeneko ez da egun bateko jaia. Urte osoan zehar hainbat ekitaldi antolatzen da eta horietako bakoitzak lan handia eskatzen du. Burua bi gauzetan duzu beti, Kilometroak egingo den eguna ahaztu gabe, beste ekitaldiak ere antolatu beharra dago. Ehun mila pertsona erakar ditzakeen ekitaldi bat antolatzeak izugarrizko lan karga ekartzen du. Makinaria erraldoia mugitu beharra dago eta lan handia dago atzetik.
“Eraikitzen” da aurtengo leloa. Zein mezu helarazi nahi duzue lelo horren bidez?
J.M. Oso erraza da. Irurako ikastola berria eraikitzen ari den zerbait da, orain eraikin bezala eta lehen proiektu bezala. Urte asko dira helburu horren atzetik lanean hasi zirela, beharrak horrela eskatuta. Irurako biztanlegoa azken hamabi urtetan bikoiztu egin da, 700 biztanletik 1400 biztanlera pasa da, eta argi dago etorkizun bat eraiki behar dela herrira etorri edota bertan jaio diren haurrentzat. Azken finean, herria bera ere eraikitzen ari da. Herri giroa eta herria proiektu bezala, eraikitzeko prozesuan dago orain. Horregatik, leloa aukeratzea oso erraza izan zen, argi zegoen.
Irura da orain arte Kilometroak antolatu duen herririk txikiena. Zeintzuk dira txikitasun horren abantailak eta desabantailak?
J.M. Desabantailarik nagusiena jende falta da. Hala ere, esan beharra dago inguruko jendeak hori ikusi eta laguntza eskaini duela. Laguntza handia jasotzen ari gara Tolosaldea eta Donostialdetik. Abantaila nagusiena berriz herritarren grina da. Badakigu zailtasunak izango ditugula herri txikia garelako, eta horrek lanerako grina sortu du. Beldur puntu horrek jendea piztu egin du. Irurako kaleetan kontu garrantzitsuena izango da oraintxe bertan Kilometroetako antolaketa lana.
Zeintzuk dira helburu nagusiak?
J.M. Lehendabizi helburu ekonomikoa legoke: Ikastolako eraikin berriak eskatzen duen maileguari ahalik eta zatirik handiena kentzea. Ziurrenik zati handi bat geratuko da oraindik ordaintzeko, baina arnasa hartzeko moduko egoera utzi nahi dugu. Horren atzetik datorren guztia ere oso garrantzitsua izango da. Ikastolak herriarentzat pauso handia ekarriko du, herri giroa aberasteko eta herri bezala hazteko.
Gurasoen eta herritarren inplikazioa nolakoa izaten ari da?
J.M. Ahal duten neurrian guztiak ari dira laguntzen eta laguntza guztiak dira garrantzitsuak. Denbora libre gehiago duenaren laguntzak eta gutxiago duenarenak garrantzia berdina du guretzat. Azken finean malabareak egin behar dira moldatzeko. Lanetik atera, haurrak bikotearekin utzi, bileretara joan, bikoteari txanda hartu hura beste bilera batera joateko... Etxe gehienetan horrela gabiltza. Familia osoak ari dira lanean eta hori beti da eskertzekoa.
Marimi Ugalde da Irurako alkate. Andoaingo ikastolako sorreran, lehendabiziko irakasleen artean aritu zen. Nolako jarrera izaten ari da?
J.M. Udalaren aldetik izugarrizko laguntza izaten ari gara. Azken finean herri proiektu bat da hau. Kilometroak Irurara ekartzeak bertigo pixka bat eman dio herri guztiari eta tartean, baita Udalari ere. Denen artean egin beharreko zerbait da eta Udalak inplikazio handia izan du. Adibide bezala, Tolosako iñauterietan Marimi boletoak saltzen ibili zen Kilometroakeko auto zozketarako, eta bera bezala, baita beste hainbat jende ere. Proiektua ikastola eraikitzea da, baina hori herri proiekturako oso garrantzitsua da, horregatik, guztion lana eskertzekoa da.
Bere laguntza eskaini nahi duenak, zer bide har dezake?
J.M. Bide asko daude. Gure weborrian bada harremanetan jartzeko aukera [www.kilometroak.net]. Batzorde ezberdinetan banatuta dago eta norberak aukera dezake non lagundu. Bolondresak antolatzen dituen batzorde bat badugu, bai egunera begira, bait aurreko ekimenetarako ere. Egunerako 2000 pertsona inguru beharko ditugu eta aurretik, montajerako ere jende asko beharko da. Pixkanaka, ari gara beharrak betetzen. Hala ere, laguntza guztia ongi etorria izango da. Kilometroak antolatzeko ezinbestekoa da bolondresen lana, era batera edo bestera.
Kilometroak igaro eta hurrengo egunean zer sentsaziorekin esnatu nahiko zenuke?
J.M. Egun horretan lo ondo egin nahiko nuke, hori izango litzateke seinalerik onena. Helburuak bete direla sentitu nahi dut, jendeak ondo pasa duela eta guk erronkari aurre egiteko gaitasuna izan dugula. Arazo larririk ez dela egon eta Kilometroak ona egin dugula sentitzea ez litzaiguke gaizki etorriko. Orain arte bezala, gauzak ahalik eta modu hoberenean egiten saiatuko gara, baina eguna iritsi arte ezingo dugu jakin nola aterako den.
Kilometroetako koordinatzaile nagusi izateak lo ordu batzuk kendu dizkit. Azken finean jendearekin, pertsonekin ari gara lanean eta hori ez da erraza. Denok ari gara asmo eta intentzio onenarekin, baina ez da erraza. Erantzukizun handiko lana da, baina horrek ere bultzatu ninduen baiezkoa esatera.
Musikaria zara, bigarren maila batean utzita duzu musika mundua?
J.M. Momentuz bai. Asteburu batzuetan saiotxo batzuk baditut, baina bigarren mailan dago. Poxpolo eta Mokolorekin diska grabatzeko hitza emana nuen eta hori egingo dut, baina beste proiekturik ez dut martxan jarriko.
Kilometroak 2008, datozen hilabeteetako ekitaldiak
Martxoak 8, larunbata
Pirritx eta Porrotx. Tolosako Leidor antzokia. 17:00 eta 19:00.
Apirilak 5 edo 12
Bigarren eskuko produktuen azoka. Tolosa.
Apirilak 26, larunbata
Rally spring. Euskadiko txapelketarako baliogarria.
Maiatzak 18, igandea
Hamalau orduko martxako gune batean izango dira Kilometroakeko kideak.
Maiatzak 30, ostirala
Gipuzkoako eskolarteko bertsolari txapelketako finala.
Irurako pilotalekua, 16:00.
Ekainak 28, larunbata
Spining maratoia.
Zerkausiaren goialdeko terrazan egingo da saioa.
Laguntza eskaintzeko
Tel.: 688 650 442
@: kmk.gizabaliabideak@ikastola.net