Eztabaida sutsua udal aurrekontua onartu aurretik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ots. 27a, 19:54

Gastua handitu egin da nabarmen eta hori dela eta aurrekontua osatzeko zailtasunak ditu Andoaingo Udalak. Horren inguruan, sozialisten eta jeltzaleen artean desberdintasun handiak azaleratu ziren. Aurrekontuari behin betiko onespena eman behar zitzaionean, PPk baiezkoaren alde egingo zuela iragarri zuen baldin eta bere alderdiak aurkeztutako hiru emendakin onartzen baziren.

Gobernu taldeak 24 milioi euroko udal aurrekontuaren proposamena aurrera atera zuen, IU-EBren eta PPren babesarekin. Andoaingo azken udal batzarraldiaren analisia egiteko garaian ertz ugari hartu behar dira kontutan. Hasteko, aurrekontu proposamena aurkezteko modua. 2006an edota 2007an Gobernu taldeak ez ohiko batzar berezia deitu zuen soilik eta bereziki udal aurrekontuaz hitz egiteko. Aurtengo udal aurrekontuaren eztabaida eta onarpena beste gai askoren artean egin da, hileroko ohiko udal batzarraldiaren seigarren aztergaia zen, hain zuzen ere.

PP-REN PROPOSAMENA
Ez zen eguneko gertaera aipagarri bakarra izan. Gastua eta diru-sarrerak orekatzeko lanak izan ditu Udal gobernu taldeak, aurrekontua osatzeko garaian ezinbesteko dena. Ezin inoiz diru-galera izango duen aurrekontu proposamena aurkeztu.

Batzarraldiko bigarren ezustekoa PP alderdiaren jokabidean kokatu behar da. Hiru egun lehenago egin zen Ogasun batzordean, PP alderdiak 2008ko udal aurrekontu proposamenaren aurrean abstentzioaren alde egin zuen.

Udal batzarraldian aurrekontuari behin betiko onespena eman behar zitzaionean, PPk baiezkoaren alde egingo zuela iragarri zuen baldin eta bere alderdiak aurkeztutako hiru emendakin aurrera ateratzen baziren. Hiru proposamen hauek onartuz gero gastua nabarmen igoko zen, aurrekontuaren balantzea erabat desorekatuta utziz. Iñaki Egibar jeltzaleari Juan Carlos Canoren jarrera ulertezina egiten zitzaion eta udal idazkari eta kontu hartzaileari ere kosta egiten zitzaien PPren proposamena ulertzea. Orduan, Perez Gabarainek hiru emendakinen inguruan bozketa egitea agindu zuen. Eta haren atzetik bozkatuko zela aurrekontu proposamena. Jeltzaleek erantzun zuten zentzurik ez zuela, 150.000 euroko galera lukeen aurrekontua aurreikustea, arauetik kanpo dagoela gogora ekarriz. Alkateak PPren babesa eskuratzeko bereari eutsi zion, legeak onartzen duen hiru hilabeteko epean gastu eta sarreren arteko oreka lortzeko sarrera berriak eskuratuko zituela ziurtatuz.

Gauzak horrela, PPren proposamena aurrera atera zen eta alderdi sozialistak aurrekontu proposamena aurrera atera zuen PSE-EE, PP eta IU-EB alderdien babesarekin.

JELTZALEEN KRITIKARI ERANTZUNIK EZ
Batzarraldian zeresana eman zuen sozialisten eta jeltzaleen arteko ika-mikak. Sozialistak jeltzaleekin haserre zeuden, nabarmen gainera. Ziurrenik udal aurrekontuen gaia eztabaidatu behar zen egunean Iñaki Egibarrek gaiaren inguruan hedabideetan  argitara eman zuen kritika ez zutelako batere ondo hartu. Hori dela eta, Gabarainek jeltzaleei ez erantzuteko erabakia adierazi zion Egibarri.
Alkateak jeltzaleen kritikak irain modura hartu zituen, hauteskunde giroan egindakoak zirela gehituz.

Jeltzaleek, berriz, kritika gogorrak egin zituzten. Eta kritika politikoa egiteko eskubidea bazutela adierazi zuten.

Batzarraldiaren amaieran EAJk, EAk eta IU-EBk ezker abertzalearekiko atxekimendua eskatzen zuen mozioa aurkeztu zuten. Ez zen aurrera atera, PP eta PSE-EE aurka agertu zirelako. Hauteskunde giroan egiteagatik kritika egin zitzaien mozioa aurkeztu zutenei. Ez zen giro azken udal batzarraldiaren amaieran. Aurrekontuen gaiarekin eta ezker abertzalearen inguruko mozioarekin gobernuko alderdiaren eta oposizioko lehen alderdiaren arteko distantzia nabarmen handitu da.

GIROA GAIZTOTU ZENEKO BATZARRALDIA

Udal ordezkarien arteko giroa gaiztotzen ari dela dirudi. Udal batzarraldi aretoan izan ziren ikusleak ondorio garbirik atera gabe irten ziren, eta zalantza askorekin.
PPren jokabidea ulertzea zail egiten da. Zergatik erabakitzen du hiru emendakin aurkeztea aurrekontua bozkatu behar zen unean bertan?

Popularren jokabideak zalantzak sortzen baditu, zer esanik ez alderdi sozialistarenak. Haien beharrik ez du, gehiengo osoa IU-EBrekin duen gobernu hitzarmenari esker ziurtatuta duelako. Zergatik amore eman, beraz, eskuinaren azken orduko eskaerari?
Jeltzaleen eta sozialisten arteko ezin ikusia ulertzea ere zail egiten da. Mikel Arregi jeltzalea udalgintzan ez dagoenetik, sozialisten eta popularren aldetik jeltzaleekiko jokabidea gogortu egin dela dirudi.

Jeltzaleek kritika gogorrak egiten dituzte, besteak beste, sozialisten aurrekontua legalitatearen mugan dagoela adieraziz. Alkateak epaitegietara jotzeko gonbitea luzatzen die jeltzaleei, jasotako kritikak iraingarriak direlakoan. Entzundakoak entzunda, Udalaren ohiko funtzionamendua arrotza zaion herritarrak zer pentsa dezake honen aurrean?
Jeltzaleak aurka eta EA abstenitu egin zen. Gabino Agudok ordezkaritza bakarrari ahalik eta zukurik handiena ateratzen diola dirudi. Gobernu taldeak ere aitortzen dio oposizioan egiten duen lan guztia.

Ezin aipatu gabe utzi IUko Sergio Barreiroren egoera. Garapen bidean dauden egitasmoetarako aurkeztutako proposamena onartu gabe geratu da, gobernu taldean dagoen arren. Eta, aldiz, popularrek batzarraldian bertan bere emendakinak aurrera atera zituzten, oposizioan egon arren.

PSE-EEri gai garrantzitsuenetan IU-EBren babesa ez zaio nahikoa izaten. Matematikoki gehiengo osoa izanda ere, sozialistek PPren baiezkoa eskuratzea nahi izaten dute. Beharrezkoa ez bada ere.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!