Tona eta erdi gai bildu da Sahara aldera bidaltzeko

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ots. 27a, 19:46

Lehen aldia izateko, izandako erantzunarekin pozik dira Gizarte Zerbitzuetan, Sahararako Elkartasun Karabana abian denean. Ia tona eta erdi gai bildu dira Urnietan. Martxoan egingo dute udan haurrak ekartzeko deialdia. Mari Jose Urkizu gizarte langileak argibide gehiago.

Zenbakitan, zer moduzkoa izan da bilketa?
Mari Jose Urkizu:
400 tona, 25 kamioi guztira. Hemen Urnietan bilketa egin den lehen aldia izan da. Parte hartzea oso ona izan da. Ia tona eta erdi jaso zen guztira Urnietan; 1420 kilo. Horrez gain, elikaduratik aparte, jostailuak eta gauza gehiago zeuden. Tona eta erdi gutxi gorabehera lehen aldia izateko. Hasiera ona izan duela iruditzen zaigu.

Herri batzuetan zioten aurreko urtetik bilketa zertxobait jaitsi ote den. Hemen ere gehiago espero zenuten?
M.J.U.:
Agian, datorren urteari begira erreferentzia bat izango dugu. Ez genuen helburu bat jarri. Zerotik hasten ginen eta ez genuen helburu bat jarrita. Hasieratik ikastetxeekin harremanetan jarri ginen eta baita bi saltoki handienekin ere. Haiek hasieratik eman zuten baiezkoa. Jada pauso garrantzitsua iruditzen zitzaigun. Hortik aurrera etortzen zen guztia, ongi etorria. Parte hartzea oso ona izan zen. Gero, bildutako janaria paketatu zen.

Lan hori egiteko deialdia egin zenuten?
M.J.U.:
Hamabost bat pertsona elkartu ginen. Gerturatutako gehienek zuzeneko harreman pertsonala zuten. Aisa egin genuen lana.

Kanpaina hau igarota, laster egingo duzue udan haurrak hartzeko deialdia?
M.J.U.:
Azken hiru urteetan, Urnietara hiru haur etortzeko deialdia egin izan da. Haurrak hartzeko bi familia prest agertu direnez, bi haur etorri dira. Aurtengora begira, ez dakit zer planteamendu izango den. Guk hemendik teknikoki egingo dugun planteamendua, hiru haur ekartzeko izango da. Berriz zabalduko da familientzat deialdia eta ikusiko da zer gertatzen den.

Deialdia laster beraz?
M.J.U.:
Martxoan hasiko gara.

Horrelako ekimenetan, azpimarratzekoa da herritarren partaidetza ezta?
M.J.U.:
Eskerrak parte hartu duten, saltoki, ikastetxe, famili eta herritar guztiei. Azken batean, haiek gabe ez litzateke posible izango tona eta erdiko bilketa egitea, ezta udan bi haur etortzea ere.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!