Arau subsidiarioen alegazio epea, irekitzear

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ots. 27a, 19:46

Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den unetik maiatzaren 2ra arte zabalduko da alegazio epea. Hala erabaki zuen pasa den otsailaren 21ean udalbatzak gehiengoz, ezohiko saioan.

Batzordean adostasunera ailegatuta, udal ordezkariek blokeo egoeratik atera dute Arau Subsidiarioen gaia. PSE-EE-ko ordezkariak izan ezik, gainerakoek alegazio epe berri bat irekitzearen alde bozkatu zuten pasa den otsailaren 22an izan zen ezohiko pleno saioan. Alkate Mikel Izagirrek jakinarazi zuenez, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den unean zabalduko da epea, maiatzaren 2ra arte. Tarte horretan herritarrei ahal beste informazio eskaini eta parte hartzea bideratzeko konpromisoa hartu zen. Besteak beste, gaiari buruzko liburuxkak banatzeko asmoa dute herritarren artean. Urnieta.org atarian ere Arau Subsidiarioen berri ere emango dute; hasieraz onartua dagoen dokumentazioa ikusgai izango da.

SOZIALISTAK, AURKA
Gaia zer modutan garatu eta herritarren parte hartzea zer modutan bideratuko den ez jakitea egotzi zioten sozialistek UDA-ko ordezkariei. “Gure konfiantza falta erabatekoa da. Ez dugu konfiantzarik gauzak egiteko moduan”, adierazi zuen Herme Gonzalezek. Alegazio epea izango dela jakinarazi zuten, ez ekarpenena, haien esanetan, “oraindik ere are prozesu konplexuagoa”. Zentzu horretan argudiatu zuten haien alegazio epe berri honen aurkako bozka.

EAJ-PNV-tik Maribel Vaquerok aipatu epea zabaltzearen alde egoteko, jeltzaleek aldez aurretik jarria zuten baldintza gogora ekarri zuen; herritarren partaidetza zer modutan bideratuko zen jakitea. Premisa hori adostu dute. “Urnietak, jakina denez, beharrak ditu. Alde bozkatuko dugu, dugun erantzukizunagatik”, adierazi zuen Vaquerok. Baikortzat jo zuen, gaia bi aldiz mahai gainean gelditu ostean, hirugarrenez martxan jartzea.
UDA-tik eztabaida prozesua luzea izan zela gogoratu zuen Mikel Izagirrek. “Gaia behin betiko onartzera ailegatzeko ahalik eta esfortzu gehien egingo dugu. Ahalik eta informazio gehien eskainiko dugu”, adierazi zuen Izagirrek. Bide horretan, ahalik eta adostasun maila handiena lortzea espero dutela adierazi zuen, Urnietaren onerako. Zentzu horretan, diferentziak egon badirela eta ez dutela halakorik ezeztatuko gogorarazi zuen.

APARTAMENDUEN KONPONKETA
Bestalde, Idiazabal kalean Udalak dituen sei apartamendu Foru Aldundiari uztea erabaki zuen aho batez udalbatzak. Horiek larritasun sozialei aurre egiteko baliatu asmoz, Aldundiari utziko zaizkio. Trukean, Foru Aldundiak apartamendsuak konpontzeko konpromisoa hartzen du. Lanak bukatuta, Udalari itzuliko zaizkio.

UDALAK KUTXAN ORDEZKARITZA
Kutxako Administrazio Kontseiluan ordezkaritza izango du Urnietako Udalak. Proposamenaren alde bozkatu zuten UDA eta EAJ-PNV-ko zinegotziek. PSE-EE-k aurka eta EAE-ANV abstenitu zen. Ordezkaritza hori bideratzeko Gipuzkoako beste zenbait herrirekin batera elkartuko da Urnietako Udala. Orio, Ordizia eta Segurakoekin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!