Udaberrian hogei urte beteko dira Andoainen Urki dantza taldea sortu zenetik. Eta behar bezala ospatu nahi dute data seinalatua. Nola ez, ospakizun batekin. Festa horretara, dantzari ohiak, gurasoak, urteetan zehar taldearekin lotura izan dutenak gonbidatuta daude. Eta, noski, ekimenetan parte hartu nahi duen herritar oro.
Urte hauetan guztietan ehunka herritar izan da Urki dantza taldeko kide. Eta guztiek, herriko jaietan, ekitaldi garrantzitsuetan edota inagurazioetan dantzatzeko aukera izan dute. Nabarmentzekoa da, herriko ekitaldi guztietan dantza taldeak izan duen garrantzia. Adibide bat jartzearren, ziur herritar askoren ezkontzaren argazki-bildumatan Urkiko dantzariak agertzen direla.
Jatorrian, haurren dantza taldea izan da Urki eta egun ere horrela da hein handi batean. Baina badira, urteak aurrera joan eta hain haur ez izan arren, dantzan jarraitu nahi izan dutenak. Duela hiru urte, taldeko helduenek Poloniara joateko aukera izan zuten. Bidai hartako esperientziak dantzan jarraitzeko grina piztu zuen eta handik sortu zen dagoeneko bi urte martxan daramatzan helduen taldea.
HERRI ERAGILEA
Taldeak herrian duen protagonismoa sorreraren lehen urtetik nabarmena izan da. 1988ko ekainean egin zen lehenengo Haurren Euskal Jaialdia. Eta handik sortu zen Erico dantza taldea. Ordutik hona, ehunka izan dira ekaineko lehen igandean Andoainera egun pasa etorritakoak. Euskal Herri osoko dantzariak, txistulariak, txalapartariak, abesbatzak edota trikitilariak Andoainen izan dira.
EGITARAU OPAROA
Aste osoan zehar argazki eta jantzi erakusketa. Bastero.
Apirilak 4, ostirala
• Euskal Dantzei buruzko hitzaldia Basteroko ekitaldi aretoan: Iñaki Arregi eta Juan Antonio Urbeltz Argia Dantza Taldeko arduradunak. 19:30.
Apirilak 5, larunbata:
• Urkiko haurren emanaldia Goikoplazan eta herriko hainbat txokotan. 11:30.
• Taldeko helduen emanaldi berezia: 20 urte eta aurrera begira. Saioa Bastero Kulturguneko auditorioan izango da. 20:00.
Apirilak 6, igandea
• Meza Nagusia dantza taldeko hildakoen oroimenez. 11:00.
• Ondoren dantza saioa eta jarraian bazkaria, erromeria…
OHAR GARRANTZITSUA
Bazkarirako txartelak eta Basteroko jaialdi nagusirako sarrerak salgai: martxoak 3, 4, 5, 10, 11 eta 12 Arrate Frontoian. Ordutegia: 17:00-18:00.
Txartelak eta sarrerak salgai ere Ganbara eta Elizondo tabernatan eta Stop liburudendan.