Alderdi jeltzaleak ez daki zeren baitan Emaitz Izagirrek zuzendutako taldeak dirulaguntza bat jaso behar duen.
Aurreko legealian Udalak dirulaguntzak emateko araudi propioa onartu zuela eta ez dela jarraitu salatu du EAJ-PNVk.
Otsailaren 5ean, Noticias de Gipuzkoak eta GARAk jasotzen zuten berrian Urnietako udalak Urnieta-Biyok deritzan txirrindulari taldea babesten zuela zioten. Zentzu honetan EAJ-PNVk bere harridura aurkeztu nahi du. “Guk dakigunez ez da dirulaguntza emateko eskaerarik jaso, edo ez zaigu horren berri eman udal ordezkariei” adierazi du Maribel Vaquero EAJ-PNVko bozeramaileak dirulaguntza hori onartua dagoen konstantziarik ez dutela salatuz. Hori dela eta “ez dakigu zeren baitan, Emaitz Izagirrek zuzendutako taldeak dirulaguntza bat jaso behar duen” azaldu du jeltzaleen bozeramaileak.
Aurreko legealdian, EAJ/PNV gobernuan zenean dirulaguntzak emateko araudi propioa onartu zuen udalak. “Herriko talde,zein banakako kirolarik dirulaguntza bat eskatzerakoan araudiaren arabera banatzen zen onartutako diru partida” azpimarratu du Maribel Vaquerok, “Urnieta Kirol Elkarteari izan ezik bere sorreragatik, filosofiagatik eta gizarte interesa duen kirola elkartea dela pentsatuz Udalak zuzeneko dirulaguntzen bidez urtean 50.000euroen bidez lagunduz”. Gainerako dirua, UKEko jendeak eta kirolariek, errifak saltzen, loteria eta herri ekimenaren bidez lortzen zuen.
“Miguel Izagirre alkateak dio ez dela dirulaguntzarik eman, baina prentsak beste gauza bat esaten du” azaldu du EAJ-PNVko bozeramaileak. “Nori sinistu behar diogu? Eta dirulaguntza eman bada, non hartu da erabakia eta zeren baitan?” galdetu du Maribel Vaquerok beti prentsagatik eta ez Udal Gobernuagatik gauzetaz ohartu behar direla salatuz.