Aiurri Aipamen Bereziak, Zizurkilgo Atxulondon

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ots. 26a, 17:12

Bigarren aldiz, Aiurriko erredakzio batzordeak “Aiurri aipamen bereziak” ekitaldia antolatu zuen. Ostegun honetan izan zen Zizurkilgo Atxulondo Kultur Etxean. Jarrian, kronika.

[Ikus Argazkiak]

Eskualdeko nortasun hitzak esaldia agertzen da Aiurri Aipamen bereziak ekitaldia iragartzeko paneltxoan. Herritarrak eta burutzen dituzten ekitaldiak dira eskualdeari nortasuna ematen diotenak.  Herriarekin eta herriarentzat lan egiten dute, horretan bat datoz aurtengo protagonistak. Asteasuko ziklo kros proba ezin aurrera atera herri oso baten babesik gabe. Adunako elkartasuna ez du Udalak edo herritar batek adierazten, giza-talde oso batek, baizik. Olentzaro eta Mari Domingi Andoaingo txurreritik atera eta Bekoplazan herria zain zuten.

Sustatzaileen lan eraginkorra eta herritarren inplikazioa, bata zein bestea, eskualdeko nortasun hitzak idazten jarraitu ahal izateko ezinbesteko osagaiak dira.

Kirola, Aiurri Aipamen Berezia
Asteasuko Aitzondo txirrindulari elkartea

Asteasuko kirol elkarteak Aiztondo Klasikoa izateko egun gutxi falta zela jaso zuen Aiurrikoen aipamena. Iazko abenduan antolatu zuten ziklo-kros probak nazioartean oihartzun handia izan zuen. Munduko espezialista onenak erakartzeko eta proba ikusgarria prestatzeko trebetasuna aitortu behar zaizkie.

Kultura, Aiurri Aipamen Berezia
Andoaingo Olentzaro eta Mari Domingiren etorrera

2006ko Eguberrietan Olentzaro eta Mari Domingiren etorrera antolatu zuen guraso taldeak Aita Larramendi ikastolaren laguntzarekin. Iazko Eguberrietan ere jendetza bildu zuten. Ekimen honekin Andoain herrian zegoen hutsunea bete dute, haurren eta gaztetxoen gozamenerako. 

Gizatasuna, Aiurri Aipamen Berezia
Adunako herria Sahararen alde

Urte luzez Adunako herriak Sahara herriarekiko erakutsi duen elkartasuna aipagarria da. Horregatik  eskaini dio Aiurrik gizatasunari dagokion aipamena. Herritar guztiak ordezkatuz adunar taldetxoa igo zen aipamena jasotzera. Adunar guztiek eskaintzen duten elkartasuna gogora ekarri zuten.

Ohorezkoa, Aiurri Aipamen Berezia
Jose Antonio Jauregi Iruretagoiena

Jon Unanue Larramendi Bazkuneko lehendakariaren eskutik jaso zuen Ohorezko Aipamena. Galbidean zeuden pilota jarduerak berreskuratu eta eusteko egindako lana etengabea izan da, Jose Antoniorena eta Behar Zana elkartearena. Jauregik errebote partidak ikustera joateko gonbitea luzatu zuen.

 

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!