Euskal Herrian barrena, asteburuko irteerak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ots. 21a, 11:13

2008 urteko Euskal Herrian barrena ekimena martxoan hasiko da. 18-30 urte bitarteko gazteek, zortzi irteera egiteko aukera izango dute. Euskal Herriko txoko gordeak ezagutzeaz gain, asteburu-pasa ederrak egiteko eskaintza.

Larramendi Kultur Bazkunak aurten ere galdera berdina luzatu du. "Zure eskualdeaz gain, zer dakizu hainbat euskal bazterri buruz? Dena ezagutzen duzula uste baduzu, zatoz gurekin eta ikusi! Gaztea baldin bazara eta indarrean bazaude, Larramendi Bazkunak aukera paregabea eskaini nahi dizu, Euskal Herria bertatik bertara ezagut dezazun txango sorta bat zure eskura jarriz. Iparraldetik hegoaldera eta ekialdetik mendebaldera, gure lurra ikusi eta gozatzeaz gain bere historia, egituraketa eta bizibidea ere ezagutu eta ulertu ahal izango duzu, benetako Euskal Herria zein den egiaztatu".

Larramendi Bazkunak luzatzen duen proposamena

1.- Egin itzazu zortzi bidaia, martxoan hasita urrira arte, eta txango bakoitzean ezagut ezazu Euskal Herriko txoko bat.

2.- Txango bakoitzarekin emango zaizun bidaia-orria landu zuk nahi bezain sakon eta ikasi bisitatzen ari zaren bazterraren ezaugarri nagusiak.

3.- Proposamen honekin gara ezazue elkartasuna eta laguntasuna erabateko giro euskaldunean, euskaraz bizi eta harremantzeko aukera paregabeekin.

Txangoak, banan bana

1.- Anbotoko Mariren eremuetan (Martxoak 8-9)

Durangaldea (Elorrio, Zaldibar...) eta Urkiola ingurua (Balzola, Otxandio...).

2.- Baztan, Bidasoaren sorlekua (Apirilak 26-27)

Baztan (Elizondo, Arizkun, Amaiur...) eta Malerreka (Doneztebe, Donamaria, Zubieta...).

3.- Aturriraino, dena Nafarroa (Maiatzak 24-25)

Aldudeetatik (Urepel, Baigorri, Bastida) Aturri inguruko gazteluetara (Bidaxune, Gixune...).

4.- Lapurdiko bihotzetik (Ekainak 21-22)

Ustaritz (mendeetan Lapurdiko hiriburua), Kanbo, Senpere, Itsasu, Biarritz.

5.- Arabako bazterrean, Aialatarren lurretan (Uztailak 19-20)

Kexaa, Amurrio, Nerbioi ibaiaren jauzia, Urduña...

6.- Gipuzkoako bidegurutzean (Abuztuak 30-31)

Debagoiena (Leintz-Gatzaga, Arrasate...) eta Burdinaren haranean barrena (Legazpiko Mirandaola...).

7.- Ebro ibaiaren nortasuna (Irailak 27-28)

Nafarroa erdialdetik (Artaxoa, Berbinzana...) Ebroruntz abiatuz eta Vianatik Tuteraraino.

8.- Pirinioetako lurralde malkartsuak (Urriak 25-26)

Erronkaribar (Burgi, Erronkari...) eta Zuberoako mugak (Arroilak, Barkoxe, Eskiula...)

Izen ematea

izen-emate epea txango bakoitza burutu beharreko data baino astebete lehenagora arte luzatuko da. Informa zaitez 943 696 450 eta 943 300 732 telefono zenbakietan edo txangoak@topagunea.com helbide elektronikoan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!