Eneko Galarragaren askatasunaren alde, prentsaurrekoa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ots. 21a, 10:23

Atzo arratsaldean Eneko Galarragaren askatasuna eskatzeko, prentsaurrekoa eskaini zuten Enekoren senitartekoek eta lagunek, Udaleko hainbat kiderekin batera. Segidan irakurri zuten idatzia:

Eneko Galarraga villabonatarraren aurkako euro agindua dela eta

Barruak hala eskatuta hemen bildu gara Eneko Galarragaren senide eta lagunak, beste behin Otsailaren 26an Paueko Auzitegian bere aurkako euro aginduaren bigarren epaiketa burutuko baita. Inork ez daki zer gerta daitekeen baina Enekoren  atxilotze eta entrega eman daiteke.

Aipatzekoa da lehen aldian atzera bota zuela Estatu Frantsesak antza nahikoa froga ez baitzuten Enekoren aurka, Espainiari froga gehiago eskatu dizkiote.

Denen jakina da zenbat gezur esan den azken asteotan Enekoren inguruan. Denen bistakoa da eta hemen gaudenok  ederki asko dakigu Enekoren bizitza erabat publikoa izan dela Ipar Euskal Herrian. Are gehiago, beraiek dioten bilatuena izan den garaian semea izan du eta familia osatu du, lan egin du, gizarte segurantza eta guzti.

Eneko Galarraga Godoiren aurkako euro aginduak eta ondorengo atxiloketak gurean agertu du, berriro ere, gatazkaren gordintasuna. Bizi dugun gatazka egoera honetan espainiar estatuak eta PSOEren gobernuak egiten duten errepresioaren aldeko apustuaren adierazle garbia dugu.

Atxiloketa hauek arrazoi politikoak direla medio egiten dira, oinarrizko eskubideak urratuz eta berme juridikoak ukatuz. Horretarako erabiltzen da inkomunikazioa, tortura arriskua dakarrena, eta salbuespeneko epaitegi bat, Audiencia Nacional delakoa.

Agerian da berriro Euskal Herriak bizi duen demokrazia eza egoera. Ideia batzuk eta ideia horien alde egiten dutenak jazartzen ditu poliziak, gero euskal herritarren aurka egiteko sortua den salbuespen epaitegi batek espetxeratzen dituelarik. Hori da, egun, espainiar eta frantziar gobernuek eta bere estrategiarekin bat egiten duten indarrek herri honi eskaintzen diotena: konponbide demokratikoa ukatu eta independentismoa kriminalizatu.  

Historia luzea du gure herriak, eta luze, luzeegi, jo du gatazkak.  Ondo baino hobeto dakigu errepresioaren bidea ez dela alternatiba. Errepresioak ez dio gatazkari konponbidea ekarriko, guztiz kontrakoa, sufrimendua dakar. Gatazka gainditzeko errepresioaren aldeko apustuak gainditu behar dira.

Gatazkaren konponbidea demokraziaren aldeko apustu bat eskatzen du, guztion aldetik. Gatazkaren muin politikora jo eta konponbide demokratiko bat eman behar zaio gatazkari. Euskal herritarroi hitza eta erabakia zor zaigu, gure etorkizuna askatasun osoz eta egitasmo politiko guztien artean erabakitzeko eskubidea errespetatzean datza konponbidea.

Argi dago proiektu politiko guztiak ez dutela aukera berdina eta antza independentziaren alde ezker abertzalean jardutea garesti ordaintzen da gurean. Azken egunotako gertaerak argi erakusten dute hori.

Hau horrela, Otsailaren 26an Eneko Galarraga Godoik Paueko Epaitegian bigarren euro aginduaren epaiketa berri bati aurre egin behar diola eta, honako gauzak esan nahi ditugu bere senide eta lagunek:

Eneko Galarraga Godoiren  aurka Espainiar Estatuak inolako funtsik gabe (garbi geratu zen lehen atxiloketa eman zenean Frantziar Justiziak atzera bota izana euro agindua, ez zuelako nahikoa frogarik) berehalakoan euro agindua bertan behera geratzea eskatzen dugu  eta Enekoren eskubide zibil eta politikoak bermatzea. Bere eskubidea baita Euskal Herrian lan eta bizitzea, euskal iheslari politiko ororen eskubidea den bezala.
Amasa-Villabonako eragile orori nahiz herritarrei, Enekoren aurka eta Euskal Herriaren aurka ematen ari diren errepresio mozkorraldi ero guzti hauen aurrean euren haserrea eta protesta agertzeko deia egiten diegu.

Komunikabideen lan zikina salatu beharra daukagu, zenbait salbuespen kenduta, polizia eta epaileen borrero lanak egiten baitituzte. Nola da posible gaizkile bilatuena azken bost urteetan, kalean libre utzi eta inork ez deus esatea? DVren irakurleak eta erosleak hausnarketa egin beharko lukete.

Modu berean, Otsailak 25, iluntzeko 20:00etatik aurrera, Enekoren askatasuna eskatzeko Manifestazio baten deialdia egiten dugu, Enekok bizi eta lan Euskal Herrian!!!


Otsailaren 26an, Pauko Auzitegia villabonatarren elkartasunez beteko dugu, beste behin, horretarako Iratzar Elkartean zerrendak ireki ditugu, bertara joan nahi duen orok izena eman dezan. Goizeko 5:00etan abiatuko gara Villabonatik.


Eta azkenik, Eneko maite zaitugu, Emilio maite zaitugu, Joxe Mari maite zaitugu, Iñigo maite zaitugu, Pello maite zaitugu,Oskar maite zaitugu... bai horixe maite zaituztegu.... zuentzat eta zuentzako......


AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!