Andoaingo Txirrindulari Eskolaren aurkezpena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ots. 20a, 18:06

Aurreko urteetako egitura berari eutsiz, Andoaingo Txirrindulari Eskolak denboraldi hasierako argazkia atera zuen. Jubenil mailako hamabi txirrindulariak eta afizionatu mailako beste seiak izango dira Andoaingo ordezkaritza bertako eta kanpoko errepideetan. Haien eskutik irits daitezke kirol albisterik sonatuenak.

Bereziki, jubenil mailakoen aldetik. Andoaingo taldeak duen talderik handiena eta sendoena da. Ekainean izango den Gipuzkoako itzulian bi talde aurkeztuko dituzte.

BENJAMINETIK AFiZIONATURA BITARTE
Dozenatik gorako entrenatzaile eta laguntzaile ditu Andoaingo Txirrindulari Eskolak. Lantalde sendoa, Jose Luis Barberena eta konpainiak osatzen dutena.
Pasa den larunbat goizean denboraldiaren aurkezpena egin zuten Zumea plazan, hotzari aurre eginez.Argazkiak atera eta gero, hamaiketakoa egin zuten Peña Santa Krutz elkartean.

Txirrindularitza oinarrizko mailatan ere ez dago garairik onenean. Andoaingoa, ordea, egiturari dagokionez salbuespena da. Oraindik ere ilusioz beterik dagoen guraso eta entrenatzaile taldeak lan eta lan jarraitzen du. Horri esker maila guztietan taldetxoa ateratzeko moduan izan dira.

JUBENIL MAILAKOAK GARAIPENAREN BILA
Kirol arduradunek zuhurtziaz hitz egin nahi badute ere, Andoaingo jubenil mailako taldea lehiakorra izango da. Hamabi jubenilen artean, laurentzat bigarren urtea da eta zortzirentzat lehena. Ondo entrenatu dutela dio entrenatzaileak. Emaitzak etorriko direlakoan dago.
Afizionatu mailan gutxiren esku dago tropelaren aurrekaldean aritzea. Andoaingo eskolatik irten direnak Belca eta Bruesa taldeetan lehiatuko dira aurten. Jokin Iartzak osasun arazoak gainditzen baditu afizionatu mailan maila ona eman dezakeela uste du. Osatu dadila lehen bait lehen eta zorte on eskolako kide guztiei.

Iñaki Arin, lagun talde baten entrenatzailea

Hamabi txirrindulari zure ardurapean. Aukeran txirrindulari gehiegi al dira?
Iñaki Arin. Ez, talde polita da. Garrantzitsuena elkarren artean ondo eramatea eta txirrindularitza joku moduan hartzea. Kasu honetan hamabi dira, talde majoa. Ondo konpontzen gara haiekin, lagun talde modukoa baita.

Laguntasunarena oso garrantzitsua da, beraz.
I.A.
Bai, giro on hori entrenamenduetan eta denean nabarmentzen delako.

Dena den, oso ohituta daude lehen postuetan amaitzen eta pentsatzen dut jubenil mailan ere kontutan hartuko dute lehia...
I.A.
Bai, baina mailan gora doazen heinean zailagoa da sailkapeneko lehen postuetan egotea. Talde polita dugu eta horietatik guztietatik zazpi edo zortzi nahiko maila altukoak dira. Emaitzak ikusiko ditugulakoan gaude.

Orain arteko prestakuntza zein izan da?
I.A.
Udazkenean gimnasioan eta asteburuetan hiru orduko mendi irteerak eginez aritu ziren. Abenduaren erdialdetik hona asteburuetan errepidean entrenatu dugu eta astean zehar esan zaie bi egunez edo errepidera irteteko asteburuan egindakoa ez galtzeko.

Ekainean bi talde aterako dituzue Gipuzkoako Itzulian, ezta?
I.A.
Bai, talde bakoitza seikoa denez bi taldetan aurkeztuko gara. Hori da gure asmoa.

Adin horretan prestaketan gehiegikeriarik ez egitea kontrolatu behar izaten duzue?
I.A.
Batzuen alperkeria kontrolatu behar da eta beste batzuren kasuan frenatu egin behar zaie gehiegikeriarik ez egiteko.

 

Jokin Iartza, zailtasunei aurre eginez 

Orain bi urte Gipuzkoako beste jubenil mailako txirrindulariekin atzerrian hainbat probatan aritu zen. Iaz, afizionatu mailara igo zen baina osasun arazoek eten egin  dute bere garapena. Bigarren urteari behar bezala ekiteko zailtasunak ditu. Igande honetan hasiko da afizionatu mailako denboraldia, usurbildarrarentzat hilabete beranduago.

Iazko denboraldiari buruz zer esan dezakezu?
Jokin Iartza.
Beno… Nahiko ondo hasi nintzen, lasterketak amaitzen. Urte erdia igaro zenetik, unibertsitatean ere banabil, bigarren azterketa eta gero burukominekin hasi nintzen eta denboraldi amaieran probatara ere nintzen joaten. Beraz, gaizki. Oraindik ere horrela nabil!

Eta zer dela eta, lesioren baten eraginez agian?
J.I.
Bapatean hasi zitzaidan eta medikuek ere ez didate ezer garbirik esaten.

Oraindik hala ere animatuta zaude?
J.I.
Animatuta bai, baina oraindik burukominekin eta gaizki nabil. Hasiera batean behintzat beranduago bada ere denboraldia hasiko dut.

Noiz eta zein probatan hasiko zaren ba al dakizu?
J.I.
Ez dakit. Datorren igandean hasiko dugu denboraldia. Nire kasuan, hilabete beranduago.

Gogo biziz zaude…
J.I.
Bai, baina dagoeneko desesperatuta nago. Ez banaiz ondo jartzen!

Entrenamenduetan ala lasterketan izaten al duzu?
J.I.
Berez etengabekoa da, nahiz eta asko ez izan. Entrenamenduak eta gero okerrago jartzen naiz.

Kili-kolo beraz…
J.I.
Bai, eta urte erdia daramat horrela.

Ondo izanez gero, afizionatuetan ondo ibiltzeko moduan ikusten duzu zure burua?
J.I.
Iaz ikusitakoaren arabera, ondo entrenatuz gero, agian bai. Baina ez da erraza esatea. Jubenil mailan nirekin aritutakoak ondo dabiltzala ikusten da. Baina entrenatu egin behar da.

Zorte on eta ea erabat osatzen zaren.
J.I.
Eskerrik asko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!