Maripi Sarasolak, Egape Ikastolaren hastapeneko gora beherak ekarri zituen gogora eta bereziki eskertu nahi izan zuen garai haietako gurasoen eta elizaren ausardia eta laguntza. Bere aldetik laurogeigarren hamarkadaren hasieran Azkorteko zuzendari izan zenak, orduko lan talde gaztearen ilusioa eta gauzak aldatzeko gogoa nabarmendu zuen eta horren adibide bezala, A ereduko ikastetxe izatetik B eredukoa izatera pasatzeko izan zuten ausardiaz ihardun zen.
Antton Jauregi Egapeko zuzendaria zen fusioa egin zenean, eta aurrez bertako ikaslea izana. Kontatu zuen, zer nolako beldurra izaten zuten Ikastolaren hasieretako ikasle haien gurasoak. Ribabellosan, gaztelerazko klaseak ematen zituzten udaleku batzuetan parte hartu eta nota onak atera zituela ikusitakoan, bere gurasoek, lasaitu ederra hartu omen zuten. Ondoren,
Joxe Mari Agirrek fusioa egin zenean Azkorte ikastetxeko zuzendaria zenak, adierazi zuen nola 85. urtean hasi zen lanean ikastetxe horretan. Eta ez zirela urte errazak izan, poliki-poliki matrikulatzea beherantz baitzihoan, Egape Ikastolarena goraka zihoan bitartean.
Azkenik, Manu Mariasek, egun Egape Ikastolako D.B.H.ko zuzendaria denak, ikastetxearen orainaz eta geroaz hitz egin zuen. Orainari dagokionez, azpimarratu zuen, etenik gabe goraka doan haurren matrikulatzea; 539 ikasle ditu egun Egape Ikastolak, eta bestetik, etorkizunari begira, aspalditik zain dauden eraikin berriaren beharra nabarmendu zuen. Entzuleen parte hartzearekin bukatu zen ia bi ordu iraun zuen mahai ingurua.