Asier Goikoetxea atleta, udari begira lanean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ots. 20a, 17:58

Egun 19 urte ditu, eta berak dioen bezala, armairua dominez betea. Asier Goikoetxea urnietarrak hamaika urterekin korrika hasi bezain laster eraman zituen etxera lehen sariak.
Gogor eta gogoz dabil kirolzalea, laguntza nahikorik jasotzen ez duen jardueran. Udan izango den estatu mailako txapelketari begira lanean ari da Urnietako gaztea.

Zeure lehen korrikaldia noiz izan zen?
Asier Goikoetxea:
Zortzi urterekin. Aitak eraman ninduen Miramonera. Ez nuen sekula entrenatu, lehen lasterketa zen. Eta irabazi egin nuen. Emaitzarekin pozik, hurrengo batean gaixorik egonda seigarren amaitu nuen. Afizionatzen joan nintzen eta hamaika urte nituela Lasarte-Oriako Nazioarteko Krosean parte hartu nuen. Hara ere entrenatu gabe joan nintzen, proba egiteko. Zapatila lisoekin joan nintzen, ez iltzedunekin. Irrist egiten nuen. Hala ere, hamazazpigarren postuan sailkatu nintzen.

Odolean daramazu beraz, atletismoa?
A.G.:
Aita gaztetan atletismoan ibili zen. Bere entrenatzaile izandakoari deitu zion eta harekin prestatzen hasi nintzen, Gabriel Gonzalezekin. Lehen urtean, ez nuen probatan parte hartu. Handik urtebetera, Atletico San Sebastianen izena eman nuen. Irungo proban bigarren egin nuen. Gipuzkoako eta Euskadiko Txapelketak irabazi nituen. Espainiakoan ere parte hartu nuen.
Ehun eta hirurogei korrikalari bildu ginen belaze batean. Korrika egiten hastean lurrak ere dar-dar egiten zuen. Hamazazpigarren sailkatu nintzen.

Entrenatu gabe, entrenatuta bezala emaitza bikainak. Zein da sekretua?
A.G.:
Entrenatzailearekin bakarrik entrenatzen nuen. Atletismoan zebiltzan nire adinekoek gehienbat jokoak egiten dituztela ikusten nuen. Nik korrika gehiago, haiek gehiago jolastu. Izandako emaitzetan, entrenamendu saioek %95-eko zerikusia dute.

Nola doakizu oraingo kirol denboraldia?
A.G.:
Aurten, zoritxarrez, lesionatua ibili naiz. Gripea izan dut, ospitalean ingresatua ere egon naiz. Entrenamendu saioekin hasi eta eten egin behar izaten nuen.

Lesio artean, une onik ere bai, herriko kirolariei egin zitzaizuen omenaldian?
A.G.:
Herriaren errekonozimendua ondo dago. Aurrera jarraitzeko pizgarria izan ohi da beti.

Herri mailako probak indartzen, eta kirol modalitatea oro har ahultzen. Atletismoaren kasua izan al daiteke?
A.G.:
Alderantzizkoa gertatzen da kasu batean eta bestean. Herri mailako probak gehitzen doaz. Federatu mailakoak ordea jaisten. Herri probatan sari potoloak jasotzen dituzte lehen sailkatuek. Horrek jende asko erakartzen du. Bestalde, aipatu txapelketak ez dute hainbesteko sakrifiziorik eskatzen. Federatu mailan medailek ez dute askorik axola. Lortuz gero beti hobe, baina kasu horietan egindako denbora da garrantzitsuena.

Atletismoa beste kirol modalitate batzuekin alderatuta, utzia dagoela uste duzu?
A.G.:
Diru laguntza falta handia dagoela ikusten dut. Horiek lortzeko ez dira behar besteko saiakerak egiten. Bestalde, gaur egungo gazteria ez da oso kirol zalea. Lokalean lagunekin egon eta korrika egitera noala esatean, ez dute ulertzen nola joan naitekeen egunero entrenatzera.

Bere kontutik korrika ibili ordez, federatu nahi eta nora jo ez dakien urnietarrari zer esan?
A.G.:
Entrenatzailerik ez dagoenez, ateak itxita daudela pentsa daiteke. Baina interesatua dagoenak Anoetako futbol zelai ondoan dagoen kirol federaziora jo dezake, informazioa nahi badu. Bestela nigana ere jo dezala. Korrika egiten ikusten nuen urnietar bat ere hala hasi zen gurekin entrenatzen. Nahiz eta gero, ikasketak tarteko utzi beharra izan zuen.

Nola dago zure kirol agenda?
A.G.:
Errekuperazio prozesu horretan nago oraindik. Nahiko ondo hala ere. Aurtengo helburua, uztailean izango den Espainiako Txapelketan ahalik eta marka onena egitea litzateke.

 

Atletismoa, garesti dago
Laguntza falta nabarmena dela dio Asier Goikoetxea atleta urnietarrak, murgilduta dabilen kirol jardueran. Hona hemen zenbait adibide:

  • Zapatila parea: 120 euro
  • Kamisetak: 60 euro
  • Plantillak: 180 euro
  • Analisi bakoitza: 60 euro


Txapelketak kanpoan direnean, gastuak norbere kontu. Salbuespenak, marka onak egiten dituzten kasu gutxi batzuetan. Eta gastuak ez dira hor amaitzen. Hor ageri diren analisiak edota material gastuak biderkatu beharrak daude, kirol denboraldian zehar.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!