San Markos ixteko baldintzak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ots. 20a, 17:56

Zabortegiaren itxiera, partzuergo edota hitzarmenekin ez, hondakinen arazoari irtenbidea bilatzearekin lotua dago; zaborraren zati organikoa bereizita biltzeko konpromisoarekin. Hala jakinarazi zuten pasa den otsailaren 15ean Buruntzaldeko eta  Donostialdeko hautetsi independentista taldeak

Urtarrila hasieran Mankomunitateak Herrialde Katalanetara antolatutako bidaia jarri zuten horren guztiaren erakusgarri. Zaborraren zati organikoa bereizita bilduta, zabortegietara doan hondakin kopurua %80-tik %20-25era murriztu daiteke urtebeteko tartean. Hain zuzen, zabortegietako arazo-iturria, zati organikoa dela gogorarazi zuten.

Horregatik, aipatu diren partzuergo edo hitzarmenen beharra, erraustegiaren ezinbestekotasuna azpimarratzeko tresna politiko gisa baliatu dela salatu zuten.
Hondakinen kudeaketa aldatze aldera, politikariek alternatibetan sinistu eta bitartekoak jartzeko borondate politikoa falta dela adierazi zuten. Hori dela eta, gai honen inguruan hausnartzera deitzen dute.

Kezka, EB-IU-ren jarrerarekin
Errauste plantaren bidean Mankomunitateak beste urrats larri bat eman berri duela salatu nahi izan zuten aipatu ordezkariek; Gipuzkoako hondakinen kudeaketa ekonomiko osoa, hautetsi independentisten esanetan, hasiera batean eskumenik ez duten Foru Aldundiaren eta Partzuergoaren esku uztea hain zuzen. Pasa den aste hasieran, Mankomunitateko batzar nagusiak Partzuergoari 960.000 euroko diru saila ematea onartu zuen. Diru kantitate horrekin, arloko Plan Orokorrean aurreikusten diren azpiegiturak martxan jarri nahi dira. Hautetsi independentistek erabakiaren aurka bozkatu zuten.

Alde horretatik, kezkagarritzat jo zuten EB-IU-ko ordezkarien jarrera. Aipatu erabakiaren haritik, kontraesan larrian sartu direla azpimarratu zuten. “Ezin da errauste plantaren kontra egon eta berau gauzatzeko urratsak eman”, adierazi zuen Imanol Azpirozek. Hauteskundeen testuinguruan kokatzen dute aipatu jarrera. Ez dute uste EB-IU-ko ordezkariek hondakinen kudeaketaren gaian iritziz aldatu dutenik.

SAN MARKOS,  uda baino itxita
Hila amaitzerako, San Markosera garraiatu beharreko zabor kopurua Lapatx, Sasieta eta Urtetara eramatea eta San Markoskoa uda baino lehen ixtea. Asmo horiek eta bide batez, San Markos Mankomunitatearekin sinatutako hitzarmena berretsi zituen pasa den astean Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak. Herrialdeko beste hiru zabortegietara hondakinak 2009ra arte garraiatu nahi dituzte. Eta urte horretan bertan, hiru zabortegiak itxi. Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa SA enpresa publikoaren sorreraren berri ere eman zuten pasa den otsailaren 14an. Milioi bat euroko kapital sozialarekin sortua, enpresako administrazio batzordea izendatu berri dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!