Gaueko hamaikak izateko minutu batzuk falta zirela Zumea plazaren atzekaldetik zetorren eztanda indartsua entzun zen. Berehala, eztanda gertatu zen ibilgailuan sute handia sortu zen eta suhiltzaileak iristerako erabat kiskalita zegoen. Udaltzaingoa iritsi zen lehenik, Ertzaintza ondoren. Dagoeneko ezin ezer egin, kotxea sutan zegoelako. Minutu batzuz gertu egotea arriskutsu bilakatu zen lehen eztandaren ondorioz ibilgailuan beste eztanda txikiak sortu zirelako. Esan bezala, suhiltzaileak iristerako kotxea kiskalita zegoen.
Hasiera batean, askok eta askok gertaera kale borrokarekin lotu zuten. Izan ere, aurreko astean greba deialdiaren testuinguruan Gipuzkoan eta Euskal Herrian kale eraso ugari izan zen. Andoainen, gainera, greba deitzaileek Ertzaintzaren jarraipen zorrotza pairatu zuten. Kotxe erreketa gertatu baino ordu batzuk lehenago, Ertzaintzak bi furgoneta baliatuz Eroskiren pareko biribilunetik igarotzen ari zen grebaren aldeko kotxe karabana eten egin zuen, ibilgailuak banan bana identifikatuz. Gauzak horrela, erasoa ikusi edota entzun zuen gehiengoak Belabi kaleko kotxe erreketa euskal gatazkaren testuinguruan eta ilegalizazioen aurkako ekintza modura uler zezakeen.
KALE BORROKAREKIN ZERIKUSIRIK EZ DU
Gertaera izan eta biharamunean hedabideen isiltasuna erabatekoa izan da. Otsailaren hamairuko kale erasoen berri jaso zuten hedabide idatziek baina Andoaingoaren arrastorik ez.
Gertaera argitzeko Aiurri astekaria Andoaingo Udaltzaingoarekin harremanetan jarri da. Erreketa “bi partikularren arteko kontua” bezala definitu dute, herritar baten eta kotxearen erabiltzailearen artekoa. Andoaingoak dira erasotzailea eta erasotua. Udaltzaingoak aditzera eman duenez Ertzaintzak darama erreketaren ikerketa.
Erasotzaileak kaleetan Ertzaintza ugari eta kontrol zorrotzak zeuden eguna aukeratu zuen erasoa egiteko. Erasoaren ondorioz, kalte materialak besterik ez ziren gertatu.