Bertsolari izateko trebatzen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ots. 19a, 12:25

Azken urteetan, ez da bertso eskolarik izan Andoainen. Haurrek ikastetxeetan bertsoa lantzen zuten, baina eskolako orduetan. Eskolaz kanpoko bertso eskolarik ez zegoen. Herriak zuen hutsune hori bete dute orain Aita Larramendi ikastolan.

 Eskolaz kanpoko aktibitate gisa bertsolaritza eskaini dute eta sekulako arrakasta izan du. Animatu den gaztetxo kopurua dela eta, bi egun jarri dituzte, batzuk astearte arratsaldetan elkartzen dira eta besteak ostiraletan.


Urritik martxan
Urrian hasi ziren bertso eskolak ematen. Ander Lizarralde bertsolaria da irakasle lanak egiten dituena. “Uste dut jende askok izena eman duela iazko urte hasieran Uxue Alberdi eta ni bertsotara etorri ginelako. Hor pixkat zaletu edo animatu genituela uste dut. Horrela orain astearte eta ostiraletan, egun bakoitzean, 16 ikasle ditut. Ez da ohikoa hainbeste ikasle izatea bertso eskola batean, baina momentuz ez dira aspertu!”, dio irribarretsu. 11 eta 14 urte arteko gaztetxoak dira bertso eskolan izena eman dutenak, neskak gehiago mutilak baino. Lehen egunetik bertsoak egiten hasi ziren. ““Hezkuntza arautuan bertsolaritza ematen dute, beraz bertso eskolan hasterako badakizkite zer diren zortziko txikia eta handia, errimatzeko modua eta horrelako kontzeptu oinarrizkoak”.

Bertsoak egiten gero eta trebeagoak izateak ez du esan nahi ordea, bertso mundua ezagutzen dutenik. “Hona etortzen diren gaztetxoen artean gutxi dira zaleak direnak, hau da familiarekin bertso saioetara joan izan direnak. Esan liteke bertso mundua zer den jakin gabe ari direla bertsotan, eta nire iritzian, hori da bertsotan egiteko erarik naturalena”. Azken finean, bertsotan gustura aritzeak berak bultzatuko ditu bertso mundura.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!