Eskolako haurren erdia jangelan geratzen da

Goizeko eskolak amaituta, bazkaltzeko garaia iristen da Pello Errota ikastetxean. Urtetik urtera, gehiago dira otordua eskolako jangelan egiten dutenak; ikasturte honetan, ehun haur inguru.

Bi eta hamaika urte bitarteko haurrak biltzen dira egunero eskolako jangelan. Bi txanda ezberdinetan bazkaltzen dute; bost urte bitarteko haurrak lehendabizi eta helduagoak  ondoren. Txikienak 12:30etan hasten dira bazkaltzen eta helduagoak, 13:30etan.


Zazpi begirale elkartzen dira jangelan, umeei laguntzeko prest. “Bi urteko haurrek behar izaten dute laguntza gehien, horregatik, begirale kopurua handiagoa  da haiekin. Hamar haur izaten da normalean, eta bi begirale. Haur txikiak izanik, bazkaldu ondoren lo kuluxka egiten dute eta esku asko behar dira pardelak aldatu, lo arazi eta horrelako lanak egiteko. Jangelan geratzen diren haur txikien kopurua asko hazi da azken urteotan. Familia askotan bi gurasoek etxetik kanpora lan egiten dute eta oso ondo etortzen zaie zerbitzu hau”, dio Pello Errota ikastetxeko jangelako arduradun den Enrike Muñoak.


Bazkaria amaitu ondoren berriro eskolara sartu arte geratzen zaien denbora tartea jolasean pasatzen dute haurrek. Begiraleak izaten dira haiekin eta jolas gidatuak egiten dituzte. Haurrei nahi dutena egiten utzi gabe, jokoak bideratu egiten dituzte. “Orokorrean, haurrak gustura ibiltzen dira jangelan eta gurasoak ere bai”,  gaineratu du.

Auzolagun
Auzolagun enpresak ekartzen du jangelako janaria. “Eguerdiko 11:00k aldera iristen da janaria. Lehen platera termoetanekartzen dute, bazkaltzeko garaia ailegatu arte bero mantentzeko. Bigarren platera bero mantentzeko mahai beroa izeneko tresna bat erabiltzen da. Haize beroa erabiliz elikagaiak tenperatura egokian mantentzen ditu. Gustura gaude Auzolagun enpresarekin. Elurra edo eguraldi txarra izanda ere, ez dute hutsik egiten. Haurren elikadura zaintzen duten dietistak dituzte, beraz, alde horretatik lasai gaude. Gure kezka bakarra hauxe da: bi eta hamaika urte arteko haurrak ditugu eta denentzat gauza berdinak ekartzen dituzte. Batzuetan ez dakigu egokiena hori ote den, baina hala ere, gustura gaude”, azaldu du Enrikek.

2,28 euro eguneko
Egunero jangelan geratzen diren haurrek, 2,28 euro ordaintzen dute eguneko, eta noizean behin bakarrik geratzen direnek, 3,80 euro. Momentuz, egun batzuetan bakarrik etortzeko aukera dute. Hori bai, denboraz jakinarazi  behar da. “Hezitzeko toki bat ere bada jangela. Bazkaldu aurretik eskuak garbitzea derrigorrezkoa da, eta ondoren, hortzak garbitzen dituzte. Bazkaltzen ari diren bitartean, altuegi hitz egin ez dezaten saiatzen gara, esaterako.  Gauza horiek zaintzen ditugu”, gaineratu du Enrike arduradunak. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!