Oihala, haria eta jostorratza

Txoko batean josteko makina jarri eta, etxean bertan egiten zuten lan jostun gehienek duela urte gutxi. Gaur egun, geroz eta gehiago dira denda jartzera animatzen direnak.

Horien artean daude Maider Amondarain eta Maria Eugenia Gonzalez. Zizurkilen ari dira lanean, “lehen arropa denda zegoen lokal honetan eta tarteka konponketa batzuk egiten ziren. Lehengo jabeak utzi egin zuen eta jarraitzeko proposamena egin zidan. Maria Eugeniarekin hitz egin nuen eta jostundegia jartzea pentsatu genuen. Konponketak eta diseinuak egiten hasi ginen duela bi urte”, azaldu du Maiderrek.


Bezero gehienak konponketak egitera hurbiltzen dira dendara. “Konponketek dute eskaera gehien. Hala ere, arropa neurrira ere egiten dugu. Ezkontzetarako edo egun berezietarako soinekoak, jaunartzetakoak... Horrez gain, norberaren gorputzari arropa egokitzea edota soinekoak eraldatzea, kortinak nahiz etxeko arropak ere egiten ditugu”, azaldu dute Maider eta Maria Eugeniak.  Soinekoak egiteko garaian, aukera bikoitza eskaintzen dute: “Dendan badugu oihalak aukeratzeko zerbitzua, katalogoak ditugu eta Bilboko enpresa batek ekartzen dizkigu. Norberak ekarri nahi badu ere, aukera badago”.

Sortze lana
Soineko bat egiteko prozesua ez da erraza: “Denbora asko behar izaten da. Bezero batzuk ideia finkoekin etortzen dira, moda aldizkariak eskuan hartu eta nolako soinekoa nahi duten erabakita, beste batzuk ordea, ideiak ematen uzten dizute. Soineko bakoitzak froga ezberdinak eta aldaketak behar izaten ditu. Diseinua egin, oihala moztu, manikian froga egin, bezeroaren gorputzera egokitu, bere eskaerak kontuak hartu...”. Ez dela lan erraza, alegia.


Maiderrek diseinua, patronajea eta jostun ikasketak egin zituen eta Maria Eugenia ere jostuna da. “Ni asko betetzen nau soineko bat diseinatu, josi, eta bezeroarekin frogak egiteak. Lanaren emaitza ikusteak asko pozten nau, hare gehiago, bezeroa pozik ikusten dudanean”, azaldu du Maiderrek. “Nik berriz nahiago dut konponketak egitea. Konponketa zailak gustatzen zaizkit, nola egin pentsatzea eskatzen dutenak. Maider eta biok oso ondo moldatzen gara; biok denetik egiten dugu baina bakoitzak bere esparrua ere mantentzen du, gustuen arabera”, gaineratu du Maria Eugeniak.


Lana gustuko dute, nahiz eta zaila ere baden, “zenbait konponketak denbora asko eskatzen du, baina ezin duzu gehiegi kobratu. Orokorrean, jendea ez da konturatzen zenbat lan dagoen konponketen atzean”.


Zizurkil, Asteasu eta inguruko herrietako jendea hurbiltzen zaie dendara: “Zizurkil herri txikia da, baina beste herrietako jendea ere hurbiltzen da. Leitza edota Iruñatik ere etorri izan dira. Ahoz ahokoaren bidez jakin du jendeak gure berri eta gustura gaude”.
Jostundegiaz gain, denda ere badute: “Lentzeria saltzen dugu eta mertzeriako gauza gehiago ekartzen ari gara. Jendearen eskaeraren arabera mugitu beharra dugu eta oraintxe bertan, mertzeriako produktuak dira gehien eskatzen dizkigutenak”, dendariek jakinarazi dutenez.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!