Trena, Adunibar baserriaren ondotik

Abiadura Handiko Trenak eskualdean baserri bat baino gehiagorengan izango du eragin zuzena. Zizurkilgo Adunibar da horietako bat. Iñaki Mendizabal, baserriko kideak eman ditu azalpenak.

Adunibar baserria bi bizitzako etxea da. Bi alderdiei zuzen-zuzenean eragingo die epe laburrean eraiki nahi duten Abiadura Handiko Trenak. “Duela bost urte pasatxo, aldameneko etxetik hasita, markatu egin zuten terrenoa, estakak sartu zituzten. Gu ez ginen konturatu aldamenekoak esan zigun arte. Berak jakinarazi zigun trenaren markak zirela. Guk ez genekien ezer”. Hasiera batean Behibategi jatetxearen azpialdetik egitea pentsatzen zuten, “ikusten denez, Andoain eta Adunako herriek errekurritu egin zuten eta trenaren ibilbidea aldatu egin zen zertxobait”.


Mendizabaldarrak informazio bila hasi ziren orduan, “udaletxera joan ginen eta ezer ez zekitela esan ziguten. Handik egitasmoa koordinatzen ari den Lurranek erakundearen berri eman ziguten eta hara jo genuen. Haiek, baserria aldenik alde bota egingo zutela esan ziguten. Guk harrituta, nola bota?, galdetzen genuen. Zizurkilgo Udaleko kaltetuen zerrendan ere ez ginen ageri eta! Baina hori esan ziguten. Eta zer esango dugu guk; posible da baserria botatzea baina, ez dakit, azpian geratuko dela ere esaten dute. Izan ere, baserriaren ondoan, 20 metrora biaduktoa egingo dutela ere entzun dugu”.

Informazioa nahi dute
Obrek bi urte iraungo zituztela jakinarazi zieten arduradunek Adunibar baserriko kideei, “obrek irauten duten denbora horretan etxetik alde egin beharko genuela esan ziguten, beste norabaitera. Guri oraindik inork ez digu azalpen argigarririk eman eta guk, informazioa eskatzen dugu. Interes handiak daude tartean, baina guretzat, egitasmoaren berri jakitea ezinbestekoa da. Aurrera begirako planak egin behar ditugu”. Egoera gogorra dela azaldu du Iñakik, “beti gauza bera pentsatzen: ohera joandakoan, lantokira joandakoan… Denak kezkatuta gaude, familia osoa. Semeak hemen jaioak dira, gu ere bai. Nire aita hemen bizi ez den arren, egunero etortzen da eta berak, ni bizi naizen artean, etxea ez dezatela bota esaten du”.


Adunibar baserriak 400 urte inguru ditu, “Zizurkilen antzina, baserriak 9. zenbakia zuela esaten du aitak”. Lehen txekorrak gizentzen zituzten baserrian, orain ardiak dituzte. Adunibar izena nondik datorkion ere azaldu du, “inguru honek Antzibar izena du baina, Adunarekin muga egiten duenez, hortik izena”.

Bi harrobi berri
Trenaz galdetutakoan, inolako premiarik ikusten ez duela adierazi du Mendizabalek, “egunean 1000 kamioiren merkantzia trenean pasako dela diote. Baliteke, baina ez zait iruditzen niri. Lehengo trena ere hor dago baina, zenbat aprobetxatzen da merkantziak pasatzeko? Ez dut proiektu honetan sinesten”. Txikizioa izugarria izango dela uste du, “txikizioa handia izango da, oso handia. Jendea ez dago kontzientziatuta baina, tunelak egiten hasten direnean, zenbat kamioi izango da errepidean zaborrak eramaten? Gau eta egun gainera! Bestalde, harria behar dutenez, Zizurkilen bi harrobi irekiko dituztela esaten dute”.  


Soinua ere handia izango dela salatu du Adunibarko kideak, “trena martxan jartzen bada, soinuak ere eragin ikaragarria izango du. Hemen geratzen bagara, zein bizi kalitate izango dugun jakin behar dugu”. Zizurkilgo udaletxeko kideekin bilera egiteko zain daude, “pentsatzen dut Foru Aldunditik ere norbait etorriko dela eta azalpenen bat ematea espero dut, esperantza horrekin gaude. Hala beharko luke behintzat”. Gogoeta bat airean utzi du Iñakik, “trenaren egitasmoa aurrera eraman nahi dutenak gure lekuan jarriko nituzke nik. Seguru nago iritziz aldatuko luketela, ez lukete orain bizi dugun egoera hau agoantatuko. Urruti nola dauden, errazago egiten dira gauzak, baina hemen, bizi egin behar da. Ezer garbi jakin gabe, zalantza betean bizi gara, erabakiaren peskizan beti”. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!