Garin korrikalari gaztea txapeldun

Hamasei urte ditu Eneko Garin Arrastoak. Ongi baino hobeto hasi du urtea. Lasarteko lasterketa internazionala eta Euskal Herriko txapelketa irabazi ditu berriki. Zorionak.

Lasarteko kros ezagunean lehenengo postua lortu zenuen otsailaren hasieran…
Proba internazionala da, nahiko famatua. Orain artean, beste korrikalari batek irabazten zidan beti. Baina aurten irabazi egin nion, denboraldian lehenengo aldiz. Pozik nago.

Lehenago atera al zinen inoiz Lasarteko krosean?
Bai, joan zen urtean atera nintzen, duela bi urte ez: beste proba bat nuelako. Lehenago, Infantiletan nenbilela ere bai.

Ba al zeneukan txapela lortzeko itxaropenik?
Zirkuitua nahiko ona zen niretzat: azpian hondarra edukitzen du, lurra nahiko gogorra da. Espero baino, bilatu egin behar da eta baita nahi izan ere. Esperantza pixka bat ere beti eduki behar da, bestela, ez dago ezer.

Duela bi asteburu Euskal Herriko txapelketa ere poltxikuratu zenuen…
Jende ona zegoen eta ez nuen espero. Parte hartzaileetako bat Espainiako txapeldun geratu zen iaz Kadetetan. Aurten Jubiniletan atera zen baina, lehen bueltan erretiratu egin zen. Harekin nuen beldur pixka bat. Beste urte batzuetan proba irabazi izan duenak ere utzi egin zuen eta ondorioz, bizkaitar bat eta biok geratu ginen aurrena probaren bukaeran. Atzetik sumatzen nuen eta bukaeran irabaziko zidala entzuten nien bere jarraitzaileei. Bukaera oso ona zuen eta esperantza horrekin zebilen. Laurehun metro falta zirela, aldapa bat zegoen eta hantxe arriskatu beharra neukala konturatu nintzen.

Bi lasterketa garrantzitsuren jabe, beraz. Pozik egongo zara…
Azken hau izan da handiena. Nire bizitzako bi asterik onenak izan dira hauek. Iaz ere karrera eta kros dezente irabazi nuen baina, izen gutxiagokoak. Iaz bigarren egin nuen Euskal Herriko txapelketan eta Lasarten irabazi zidan berberak irabazi zuen. Ni baino urtebete zaharragoa. Aurten hura ez dago eta beti ere, badut bentaja pixka bat. Hala ere, abendukoa naiz eta ia urtebeteko aldea dut korrikalari batzurekin.

Noiz hasi zinen korrika?
Duela lau urte, lehenengo DBHn nenbilela. Orduan astean bitan entrenatzen nuen, Zizurkilgo Joxean de la Iglesiarekin. Bi urtean ibili nintzen. Kadetetan, Tolosara joan nintzen,  duela hiru urte hasi nintzen Xabi Arratibelekin.
 
Kategoriari dagokionez, Jubeniletan ezta?
Jubeniletan nabil, bigarren urtez. Denboraldi hau amaitutakoan, Juniorretan hasiko naiz beste bi urterako. Gero, Promesa kategoria izaten da hiru urtez. Hortik aurrera, Seniorretara.

Gogor entrenatzen al duzu?
Astean bost aldiz. Lau bat aldiz Amasa aldean ibiltzen naiz eta astean behin, Berazubira joaten gara serieak egitera. Amasa aldean, nire kabuz entrenatzen badut ere, paperean idatzita izaten dut egin beharrekoa. Ez zait kamio ondoan ibiltzea gustatzen. Askotan Arratzaindik igo eta Lastur nahiz Komizar ingurura joaten naiz. Kalean baino beste aire bat dago han, sanoagoa. Lasai ibiltzen naiz mendian.

Gustura zabiltzala nabari zaizu…
Bai, gustatu beharra dago, gogorra da bestela. Askok ez du sufritzeko gogorik izaten. Egunero, telebistaren aurrean egon beharrean, korrika egitera ateratzen naiz ni. Horrela, burua ere despejatu egiten da. Mesede egiten du.

Ba al duzu beste lasterketarik buruan?
Martxoaren 9an Espainiako txapelketa izango da Zamoran. Hara joan beharko dut. Donostiako belodromoko 3000 metroko proban ere parte hartuko dut. Sasoi onean nago eta Zamorakoa eta gero, udaberri-uda garaiko probetarako prestatuko naiz.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!